Politika -

Segiren aurkako prozesuak

Auzipetuen gurasoek jazarpena bukatzea eskatu dute

Seme-alabek "atxiloketa eta kondena bidegabeak" jaso dituztela adierazi dute.

Ertzaintzaren jokabidea salatu dute.
Ertzaintzaren jokabidea salatu dute.
Gasteizko Harresiaren kideek Ertzaintzak izan zuen jarrera salatu dute

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan Segiko kide izatea egotzita atxilotu eta epaitutako hainbat gazteren gurasoek "jazarpen politikoa eta tortura bukatzea" lehentasuna izatea eskatu diete gaur alderdi politikoei.

"Ezin dugu beste alde batera begiratu, ezin dugu onartu bere burua demokratikotzat duen estatu baten estoldek, hain justu, demokratikoa ez dela erakusten duen gaitz batekin jarraitzea", adierazi dute Iruñean eskainitako prentsaurreko batean.

Gurasoen esanetan, seme-alabek "atxiloketa eta kondena bidegabeak" jaso dituzte, "gazte independentistak izateagatik" eta "herri aske batean aske bizi nahi izateagatik".

Horren ildotik, Poliziak aitorpen bat lortzeko "edozein metodo, tortura barne", erabiltzea deitoratu dute, eta auzitegiko medikuek euren txostenetan seme-alaben "drama" kontatu ez izana eta hedabideek "frogarik gabeko inputazioak" zabaldu izana salatu dute.

Gurasoon bozeramaileek nabarmendu dutenez, seme-alabek gizarte "justuagoa eta solidarioagoa" nahi dute, eta Iruñerriko 10 gazte epaiaren zain daudela gogorarazi dute.

"Ez duzue erraz izango, gero eta gehiago gara, eta gero eta konpromiso handiagoa dugu; harresi solidarioa eraikiko dugu, bidegabekeriak amaitzeko", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea