Politika -

Txistualdia ereserkiari

Indarkeriaren kontrako Batzordeak informazioa eskatu dio Poliziari

Txistualdia sustatu zutenei informazio-espedientea ireki die, eta zigorrak egon daitezkeela ohartarazi die Futbol Federazioari, Bartzelonari eta Athletici.

Indarkeriaren kontrako Batzordeak informazioa eskatu du

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeriaren, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Espainiako Gobernuaren Batzordeak Errege Kopako txistualdiaren inguruko informazioa biltzeko eskatu dio Poliziari, eta informazio-espedientea ireki die txistualdia sustatu zutenei. Halaber, zigorrak egon daitezkeela ohartarazi die Espainiako Futbol Federazioari, Bartzelonari eta Athletici.

Batzordeak ezohiko bilera egin du gaur, urgentziazkoa, Athletici eta Bartzelonari zigorrak ezartzea aztertzeko, talde horien zaleek Espainiako himnoari txistu egin ziotelako Errege Kopako finalean.

Bileraren ostean jakitera eman dutenez, horren inguruko informazioa Fiskaltzara igorriko dute, eta Errege Kopako txistualdiaren inguruko informazioa biltzeko eskatu diote Poliziari. Bi klubei ere eskatuko diete informazioa.

Espainiako Kirol Batzordearen egoitzan agerraldia egin dute Miguel Cardenal erakunde horretako presidenteak eta Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkariak, gertatutakoaren inguruan aritzeko.

Gertatutakoaren aurrean bere "gaitzespen irmoena" agertu du Martinezek, eta, "bereziki, txistuengatik eta ahozko zein keinuzko irainengatik". Segurtasun idazkariaren arabera, kirol ikuskizuna erabili zen "irain jasanezin bat" egiteko, eta hori "oso larria" dela adierazi du.

Neurriak

Bi ordezkariek iragarri dutenez, Batzordeak honako erabaki hauek hartu ditu:

-Poliziari txistualdiaren inguruko informazioa eskatzea.-Txistualdia sustatu edo horretan lagundu zutenei informazio-espedientea irekitzea.-Dokumentazio hori Fiskaltzaren esku uztea, zigor mailan izan ditzakeen ondorioak aztertzeko.-Generalitateko segurtasun arduradunei partidako segurtasun koordinatzailearen aktak eskatzea, eta zaleen kokapenaren inguruko irizpideei buruz galdetzea.-Dokumentazioa eskatzea Espainiako Futbol Federazioari, Bartzelonari eta Athletici, kirol ikuskizun baten ohiko jardunaren ziurtapena bete zuten egiaztatzeko. Horri lotuta, bi taldeek egiaztatu egin beharko dute txistualdia gerta ez zedin aldez aurretik ''beharrezko neurriak'' hartu zituztela.

Espainiako Gobernua

Finaleko atsedenaldian, Espainiako Gobernuak agiri bat plazaratu zuen, txistuak "gaitzesteko". Izan ere, "espainiar guztiak ordezkatzen dituzten ikurren aurkako erasoa" izan zela adierazi zuen.

Gainera, gaur bertan PPk iragarri du Espainiako ereserkiaren aurkako txistualdirik ez errepikatzeko lege aldaketak bultzatuko dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege Kopako finala bideoak