Politika -

Auzitegi Nazionala

17 urteko zigorra Arrospiderentzat, Buron Barba hiltzen saiatzeagatik

1986an Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal nagusi ohia hiltzen saiatzeagatik zigortu dute 'Santi Potros'. Urtarrilean atxilotu zuten, hilabete lehenago aske geratu ostean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 17 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Santiago Arrospide 'Santi Potros' ETAko kide historikoari, 1986an Luis Antonio Buron Barba Estatuko fiskal nagusi ohia hiltzen saiatzeagatik. Zehazki, Arrospidek atentatua agindu zuela frogatutzat eman du Auzitegi Nazionalak.

Joan den urtarrilean atxilotu zuten 'Santi Potros', aurreko zigorrak bete eta hilabete lehenago aske geratu ostean.

Epaiaren arabera, Antonio Troitiño eta Idoia Lopez Riaño ('Tigresa') ETAko kideak prest ziren fiskal nagusi ohia hiltzeko, baina goiz hartan lo geratu ziren.

Magistratuek uste dute Santi Potros izan zela Frantziatik atentatua egiteko agindua eman zuena, epaiketa batean Manuel Soares Gamboa ETAko kideak deklaratu zuenez.

Hala, epaileek uste dute deklarazio horrek ‘’sinesgarritasun eta egiazkotasun’’ nahiko duela, eta ‘’kanpoko zantzu objektibo nahikoa’’ daudela baieztatzeko Arrospidek eman zuela agindua ''ETAko aparatu militarraren buruzagi gisa''.

Horrekin batera, Antonio Troitiñok eta Ines del Riok Polizia aurrean egindako deklarazioak ere hartu dituzte oinarri. Horien arabera, Santi Potros zen atentatua egin behar zuen taldearen arduraduna. Del Rio, gainera, Arrospidek Buron Barbaren hilketa agindu izana baieztatu zuela aipatu dute epaileek.

Epaiak jasotzen duenez, 30 urteko gehienezko kartzelalditik jada espetxean egindako kenduko zaio. Guztira, 28 urte dira, 1987an espetxera igorri zutenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Euskadi Ta Askatasuna albisteak