Politika -

Asteburu honetan

Jon Juaristi Lampedusara joango da, 'migratzaileen drama' ezagutzera

Agerraldia egin dute Juaristik eta Iñarrituk Bilbon, GUE/NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldeko sei kidek Siziliara eta Lampedusara egingo duten bidaiaren berri emateko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatua Lampedusara joango dira datorren asteburuan, pertsona migratzaileen “drama humanitarioa” lehen eskutik ezagutzeko.

Agerraldia egin dute Juaristik eta Iñarrituk Bilbon, GUE/NGL Europako Parlamentuko ezkerreko taldeko sei kidek Siziliara eta Lampedusara egingo duten bidaiaren berri emateko.

“Emergentziazko” delegazioa Siziliara eta Lampedusara joango da ekainaren 18tik 21era. Helburuak, Juaristik azaldu duenez, hiru izango dira:

“Mediterraneo itsasoan pertsona migratzaileen joan-etorrian funtsezkoa den kokapenean etorkinen harrera nola egiten den lekuan bertan ikustea; itsasotik erreskatatzen dituzten pertsona migratzaileak eramaten dituzten zentroen egoera aztertzea, bai Sizilian eta bai Lampedusan; pertsona migratzaileen bilaketan, erreskatean, harreran eta bestelako prozeduretan aritzen diren abokatuekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, agintariekin eta bestelako arduradunekin bilerak egitea.

Pertsona migratzaileen eskubideen alde lanean aritzen diren hainbat erakunderekin hitz egiteko aukera izan zuela joan den ostiralean, agertu du Juaristik. “Lagunik gabe dauden adin txikiko pertsonez eta haurdun dauden emakumeez aritu ginen batez ere, dituzten eskubideez eta babesteko modu hoberenez, era horretara eskuinak esaten dituen gezurrei aurre egin ahal izango zaielako”.

“Oinarrizko eskubideez ari gara, nazioarteko politikaz, nahiz eta Europako Batasuneko estatu gehienek gaiaren garrantzia eta esangura osoa murrizten ahalegindu”, nabarmendu du EH Bilduko europarlamentariak. “Pertsonez ari gara, nahi dugun gizarte ereduaz”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu Nafarroa