Politika -

UDCrekin apurketa

Erakunde subiranoen artean 'batasunik handiena' eskatu du Masek

Generalitateko presidenteak adierazi duenez, "UDCrekiko hausturak erakusten du gelditzeko asmorik ez dudala".

Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

AAGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 27ko hauteskundeen harira, burujabetasunaren alde dauden Kataluniako elkarte guztiei "batasunik handiena" eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteak eta CDCren buruak, "ilusio subiranoaren turboak indarra apur bat galdu duela" egiaztatu ostean.

'Ongi etorri etorkizunera' izenburuko kanpainaren lehenengo ekitaldian hitzaldia eskaini du Masek, eta bere proiektuaren ildo nagusiak ezagutzera eman ditu.

Masek azpimarratu duenez, "batasun hori ez dago alderdiei zuzenduta, gizarte zibileko elkarteei baizik", hala nola, ANC Kataluniako Batzorde Nazionala, Omnium Kulturala edo AMI Independentziarako Udalerrien Elkartea.

Presidente katalanak bere proiektuarekin bat egiteko deia luzatu die, "ez presidentearen zerrenda batera, presidentearekin batera egindako zerrenda batera baizik". "Batasuna gizarte zibiletik egin dezagun, eta besteei bakarrik elkartzen ez diezaiegun utzi", gaineratu du.

'Milikeriarik ez'

Artur Mas Generalitateko presidenteak esan duenez, UDCrekin izandako hausturak argi uzten du prozesu subiranoari eusten jarraitzeko asmoa duela, eta ez duela "gelditzeko asmorik". Halaber, demokristauei ultimatumik planteatu izana errefusatu du Masek.

"Oso serioski ari garen froga da, ez gaude milikeriarako", adierazi du Masek Molins de Reiko Foment Cultural i Artistic-eko eraikinean izandako hitzaldian.

Josep Antoni Duran UDCko buruzagiak plazaratutako kritiken ostean, bazkideei ultimatumik jarri izana ukatu du Masek. Gainera, independentziarekiko konpromisoaren inguruan demokristauek zeozer erabakitzeko udal-hauteskundeak igarotzera itxaroteko prest zegoen Mas.

Presidenteak adierazi duenez, ez dago pozik apurketarekin, baina batera jarraitzeko desadostasun sakona dagoela esan du, UDCren "zati handi bat" independentziaren alde dagoelako, eta beste parte bat, berriz, kontra.

"Dibortzioa ez da era txarrean izan", azpimarratu du, eta irailaren 27an izango diren hauteskundeen aurrean alderdi bakoitzak duen jarrerari erantzuten dio. Azkenik, 37 urtez UDCrekin batera joateko formula arrakastatsua izan dela aitortu du.

Auzi politikoen gainetik, pertsonak

Josep Antoni Duran UDCko liderrak larunbat honetan adierazi duenez, ostiralean Artur Masekin izandako bilera "ondo joan zen", eta auzi politikoen gainetik, pertsonak daudela gaineratu du.

UDCko Batzorde Nazionalera iristerakoan kazetariei egindako adierazpenetan Duranek esan duenez, "denetarik hitz egin genuen, baita politikari buruz ere".

"Kolaborazioa, leialtasuna eta harreman ona izan dira nagusi urte hauetan, eta herrialdearen etorkizunak exijituko duenez, ezin dira zubiak hautsi, are gutxiago harreman pertsonala dagoenean", nabarmendu du.

'Erosteko Eskaintza Publikoa'

Oriol Junqueras ERCko presidentea alderdi horretako hautagai izendatu dute gaur irailaren 27rko hauteskundeetarako. Junquerasek esan duenez, bere alderdiak ez du "inoren aurkako Erosteko Eskaintza Publikoa botako, Kataluniako Parlamentuan bloke independentistak gehiengo absolutu sendoa izan nahi du, baina".

ERCko Batzorde Nazionalean izandako hitzaldian Junquerasek adierazi duenez, "mehatxuetatik eta gaitzespenetatik urrun dagoen alderdia da" ERC. "Ez dugu inor absorbitu nahi, ez dugu inoren aurkako Erosteko Eskaintza Publikoa botako. Gure asmo independentistekin bat datozenei besoak ireki nahi dizkiegu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak