Politika -

Legebiltzarrean

Jose Luis Bilbao Herri Kontuen Epaitegiko kide izendatu dute

Eusko Legebiltzarrak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko zazpi kide berriak hautatu ditu gaur, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia izango da horietako bat.

Jose Luis Bilbao aukeratzeak ika-mika eragin du

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko zazpi kide berriak hautatu ditu gaur, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia izango da horietako bat. EAJk eta PSE-EEk babestu dute Bilbaoren hautagaitza.

Aurreikusita zegoen bezala, Legebiltzarrak zazpi kide berriak hautatu ditu, eta horietatik seik ez dute aurrera ateratzeko arazorik izan. Bilbaoren hautagaitza, berriz, eztabaidagai nagusia izan da. EAJk aurkeztu du Bilbaoren hautagaitza, eta PSE-EEk esan du orain bi urte sinatutako akordioaren ondorioz babestu dutela. Gainerako taldeek kritika gogorrak egin dizkiote hautagaitza horri, hautagaitza horrek izaera politikoa duela iritzita.

Hain zuzen ere, Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohiaren lekua har dezan eta erakundearen presidentea izan dadin proposatu du Bilbao EAJk. Alderdi jeltzalearen beste bi hautagaiak Begoña Marijuan eta Eusebio Melero izan dira. Egun, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak dira biak.

Izendatu dituzten beste kideak Xabier Txokarro (EH Bildu), Jose Angel Quintanilla eta Jesus Mariano Garcia (PSE-EE) eta Teresa Crespo (PP) dira.

EAJk eta PSE-EEk euren hautagaiak babestu dituzte, eta EH Bilduk eta PPk ordezkari bakarra atera dute aurrera lehen bozketan. Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak Eusko Legebiltzarrak hautatzen ditu, sei urteko agintaldi baterako. Bozketan, gehiengo osoa behar da.

Bilbao epaitegi horretako kide izateak ospea galtzea ekarriko dio erakunde horri, EH Bildu, PP eta UPyDren iritziz. Bilbao kargu horretarako hautagai aproposa izatea baztertu dute hirurek, eta EAJk Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidente izateko proposatuko duela uste dute gainera.

Josune Gorospek (EAJ) gogora ekarri duenez, lehenago ere izendatu dute erakunde horretarako aurretik kargudun izandako pertsona bat. Gotzon Olarte (Jaurlaritzako kide izandakoa) eta Juan Luis Lascurainen (Ogasun diputatu izandakoa) aipatu ditu adibide moduan Gorospek.

Borja Semper popularraren iritziz, Bilbao “ez da hautagai aproposa” Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide izateko, “jardunean dagoen politikaria baita”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak