Politika -

Gasteiz

Marotok itun fiskala eskaini du, eta aukeratzeko eskatu: PP ala Bildu

Alkate ohiak nabarmendu du EAJk eta PSEk bederatzi zinegotzi dituztela, gobernagarritasun-akordioa adostu ostean, eta hori “ez da nahikoa” hiriaren proiektuei ekiteko.

Javier Maroto, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Javier Maroto, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Javier Maroto, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Erredakzioa | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Maroto PPk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak itun bat proposatu dio Gorka Urtaran alkateari, bost udal-zergak batera murrizteko, eta gogorarazi dio, halaber, PP ala EH Bildu aukeratu behar duela "hiria geldirik ez egoteko".

Marotok Espainia Plazan eman du prentsaurrekoa, Udaletxearen aurrean, eta PPk Gasteizen dituen beste 8 zinegotziak ere bertan izan dira. Horrela, Udalean lehen indarra direla erakutsi nahi izan dute (EAJk du alkatetza, nahiz eta gutxiengoan egon). Marotok nabarmendu du EAJk eta PSEk bederatzi zinegotzi dituztela, gobernagarritasun-akordioa adostu ostean, eta hori “ez da nahikoa” hiriaren proiektuei ekiteko: gutxienez, 14 zinegotziren babesa beharko luke Urtaranek, "eta hori EH Bilduk (6 zinegotzi) ala PPk (9) eman liezaiokete".

"Eskaintza zintzoa, argia eta aurreikusteko modukoa"

Hori dela eta, Urtarani akordioa eskaini dio Jarduera Ekonomikoen Zerga murrizteko, SEA Arabako patronalarekin adostutakoari jarraituz, eta horrekin batera OHZa, Ibilgailuen Zerga, Igorpenena eta Gainbalioarena ere murrizteko. "Eskaintza zintzoa, argia eta aurreikusteko modukoa da", esan du Marotok. Gasteiz, haren iritziz, "geldirik""dago; izan ere, “Urtaranek ez du gehiengoa, eta esaten du egingo dituela zenbait gauza, nahiz eta egiteko bazkiderik ez duen".

Maroto Urtarani proposatu zion 10 puntuko agiriaz ere aritu da (bertan ekonomiaren gaineko proposamenak daude, inbertsioei buruzkoak, plangintzarenak eta gizarte-politikakoak): "Hemendik aurrera, Urtaranen esanetan gaude, zergetan zenbateko murrizketa egiten dugun adosteko". Alkate ohiak nahi du berak gidatutako legegintzaldian abiatutako egitasmoek amaiera ona izatea.

2010ko aurrezpena, 14 aldiz biderkatua

Udal-gobernuan dagoen talde berriak eskatutako txostenaren gainean galdetu diotenean (PPk kontuak apaindu dituelakoan eskatu du Urtaranen taldeak txosten hori), PPren bozeramaileak esan du udal-interbentoreak beste lan bat ere egin duela, Marotok berak eskatuta, eta bertan islatzen dela 2010ko aurrezpena 14 aldiz izan dela biderkatua 2014an: "Orduan, 43 milioi baino gehiagoko defizita zegoen; superabita dago orain", azpimarratu du. Alkate berriari gogorarazi dionez, 6 milioi euro falta dira Tuvisan, autobusen udal-elkartean, "baina Amvisan, uraren elkartean, 50 milioi daude”. “Badirudi Urtaranek esan nahi duela egoera oso zail dagoela, PP erruduna dela adierazteko eta Bildurekin akordioa egin behar duela justifikatzeko".

Javier Marotok esan du Gasteizeko Udalean orain arte bezala egingo duela lan, nahiz eta Madrilen ere egon (PPren zuzendaritza nazionaleko kidea izango da). Halaber, Urtarani eskatu dio Eusko Jaurlaritzarengandik gutxienez berak lortutako diru-kopurua erdietsi behar duela, 60 milioi euro: "Haren alderdikoek ezetz esango diotenean, beti bezala Bilbori emango diotelako, ez dadila ezkutatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Gasteiz berriak