Politika -

Hauteskunde orokorrak

Hautagaitza bateratuetan parte hartzeari uko egin dio Ahal Duguk

Bestalde, ‘Ahora en Comun’en zerrendetan jadanik lanean ari direla gogorarazi dute Ezker Anitzak eta Equok, baina proposamena aztertzeari ez diote uko egin. EH Bilduk ere proposamena aztertuko du.

Roberto Uriarte Ahal Duguko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Roberto Uriarte Ahal Duguko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EiTB
Roberto Uriarte Ahal Duguko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin eta Nafarroan EH Bildu, Ezker Anitza eta Equorekin hautagaitza bateratuak sortzeko aukera errefusatu du Ahal Duguko Koordinazio Kontseiluak, “legealdiko itunak” adosteko baldintzak ematen ez direlako. Bestalde, ‘Ahora en Comun’en zerrendetan jadanik lanean ari direla gogorarazi dute Ezker Anitzak eta Equok, baina proposamena aztertzeari ez diote uko egin.

Bere proiektuaren oinarria “herritarrak” direla eta “zeharkako izaera” duela goraipatu du Ahal Duguk agiri batean.

Zentzu horretan, foru eta udal hauteskundeetan bezala, agertoki berrian “legealdiko itunentzako baldintzak ematen ez” direla uste du Ahal Duguk, baina “bai akordio zehatzentzako”.

Gainera, proposamena ezagutzeko “modurik onena” izan ez dela uste du Ahal Duguk; izan ere, komunikabideen bidez zabaldu dute. Hala ere, “errespetuagatik”, proposamenaren bultzatzaileak hartu eta entzungo dituztela argi utzi dute.

Ezker Anitza eta Equo

Alderdiko ordezkariak manifestuaren bultzatzaileekin abuztu hasieran bilduko direla jakitera eman dute Ezker Anitzako iturriek. Ondoren proposamenaren balorazio bat egingo dutela erantsi dute.

Hala ere, Ezker Anitzak EAEko toki askotan zerrenda bateratuetan lan egin duela gogorarazi du koalizioak. Hauteskunde orokorretara ‘Ahora en Comun’en “batasun hautagaitzetan” aurkeztu nahi dutela gaineratu dute.

Gainera, giza eskubideen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan EH Bildurekin adostasun batera heltzea “zaila” dela aitortu du Equok, baina manifestuaren bultzatzaileek proiektua aurkeztu ondoren erabakiko dute, ez dizkiote aldez aurretik ateak itxiko eta aztertuko dute.

Bestalde, EH Bilduk ere militanteekin batera proposamena aztertuko du irailean, ekitaldi politiko berria hastean. Hautagaitza bateratua “oso positiboa” dela ziurtatu du Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako hauteskunde orokorrak gaur