Politika -

Erresuma Batuari

Bideokonferentzia bidez Troitiño galdekatzeko eskatu du ANak

Gainera, ustez elkarte terroristaren kide izateagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik epaituko dutela jakinaraziko dio Troitiñori Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Antton Troitiño, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB
Antton Troitiño, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak erregu-batzordea abiarazi du bideokonferentzia bidez Antton Troitiño Arranzi deklarazioa hartu ahal izateko. Horretarako, eskaera helarazi dio Erresuma Batuari. Gainera, ustez elkarte terroristaren kide izateagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik epaituko dutela jakinaraziko dio Troitiñori De la Mata epaileak.

Epailearen aburuz, 2011n Troitiño ETAn sartu zen berriro, kartzelatik irtendakoan, alegia. Hori dela eta, datorren irailaren 10ean, 12:00etan, izango den bideokonferentzia prestatzeko eskatu die Erresuma Batuko agintariei.

Troitiño Erresuma Batura iritsi zen 2011an, pasaporte faltsua erabilita, 80ko hamarkadan egindako atentatuengatik, Espainian 24 urteko espetxealdia bete ostean.

Troitiño espainiaratzea errefusatu zuen Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak joan den uztailaren 31an, eta atzo bertan jakinarazi diote De la Matari Fiskaltza britaniarrak ez duela erabaki horren aurkako helegiterik jarriko.

De la Mataren ustez, "erabat beharrezkoa" da Troitiño Auzitegi Nazionalean fisikoki egotea. Hori dela eta, Troitiño bere kabuz agertzen ez bada, hura atxilotzeko agindua emango duela iragarri du.

Bestalde, Troitiño atxilotzeko nazioarteko aginduari eutsiko diola azaldu du epaileak, Erresuma Batuaren erabakiarekin ados ez dagoelako, eta Espainiako legeari erreparatuta, Troitiñok ihes eginda jarraitzen baitu.

Epaileak gogora ekarri duenez, instrukzioak ebatzi duenez, zantzuen arabera, Troitiño ETAn sartu zen 2011ko apirilaren 13an Espainiako espetxetik irtendakoan. Ordutik klandestinitatean dago, Auzitegi Nazionalak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman ostean.

Madrilgo Dominikar Errepublika Plazan Guardia Zibilaren autobus baten aurka 1986. urtean izandako atentatua baten erantzuleetako bat izan zen Troitiño. Bertan, 12 agente hil ziren, eta 50 bat zauritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak argazkiak Erresuma Batua albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak