Politika -

Auzitegi Nazionala

Tafallako alkatea: 'Sakabanaketa amaitzea eskatu izana ez da delitua'

Arturo Goldaracenari terrorismoa goratzea leporatu  diote, udaletxeko balkoi batean euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuen pankarta bat eskegi zelako.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arturo Goldaracena (EH Bildu) Tafallako alkateak esan du “kontzientzia lasai” daukala, “euskal presoen sakabanaketaren amaiera eskatzea delitua ez delako”.

Goldaracenak agerraldia egin du, Auzitegi Nazionalak ustez terrorismoa goratzeagatik inputatu duela jakin eta gero. Tafallako festetan, udaletxeko balkoi batean, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuen pankarta bat eskegi zuten eta bera egin dute erantzule, alkatea delako.

Inputazioa “oso larria” dela adierazi du eta gogora ekarri du aurreko legegintzaldian ere antzeko inputazioak izan zirela Leitza, Altsasu edo Atarrabaiko kargu publikoen aurka. “Inputatu, deklaratzera deitu eta hori guztia azkenean dena ezerezean geratzeko”, erantsi du.

“Era berean, oso larria da Madrilek Auzitegi Nazionala erabiltzea demokratikoki aukeratuak izan garen kargu publikoen lan instituzionala oztopatzeko”, salatu du. “Hauteskundeetako emaitzak ez dituzte onartu eta orain horrelako inputazioen bitartez elkarbizitza gaiztotu nahi dute”, gaineratu du.

Goldaracenak nabarmendu du sakabanaketaren amaiera eskatzea ez dela delitua. “Alderantziz, oso luzea eta oso konplexua den gatazka konpontzearen aldeko aldarrikapena da; inputazioak, berriz, aurrera egiteko oztopoak baino ez dira”, azaldu du.

Bestalde, ukatu egin du udaletxeko balkoian eskegita egon zen pankartak Herriaren logotipoa zuela.

Azken 15 urteotan antzeko lelodun pankartak agertu izan direla, baina orduan ez zutela inor inputatu azpimarratu du. “Orduan alkateak PSNkoak edo UPNkoak, baina ez zituzten deklaratzera deitu, ezta inputatu ere. Argi dago alderdi politiko guztiei ez zaiela irizpide bera aplikatzen”, kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Presoak bideoak EH Bildu Tafalla albisteak Albisteak