Politika -

Pastorren adierazpenak

PSE-EE: 'Foru nazio' terminoak Mortadelo eta Filemonena dirudi

PSE-EE alderdiko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek prentsaurrekoa eman du gaur, eta bertan kritikatu egin du Urkulluk Politika Orokorreko Eztabaidan egin zuen mintzaldia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen ustez, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo erabili zuen 'foru nazio' terminoa Mortadelo eta Filemonen komikiei dagokie, eta "gustu txarreko txantxa bat da, legean tokirik ez duena".

Pastorrek prentsaurrekoa eman du gaur, eta Urkulluk Politika Orokorreko Eztabaidan esandakoez kazetariek galdetu diotenari erantzun die. Lehendakariak Euskadi "foru nazio" bat dela esan zuen bere hitzaldian, eta autogobernua sendotzearen alde azaldu zen, Estatuarekin itun bat adostearen bidez.

"Atzo lehendakariak aipatu nahi ez dudan ‘hitz aldrebes bat’ asmatu zuen, hobe delako Mortadelo eta Filemonen pareko esaldiei aparteko garrantzirik ez ematea", aipatu du.

Pastorren esanetan, termino berri hori "hitz huts bat" besterik ez da. Gainera, patetikotzat jo du "XIX. mendeko erromantizismoa irudikatzen duen hitz bat asmatzea, legean heldulekurik gabea eta historian ibilbiderik ez duena".

Horrez gain, Pastorrek kritikatu egin du lehendakariak autogobernua eguneratzeko bidea Legebiltzarreko lantaldean zehaztu behar dela esatea, eta, aldi berean, Gobernuak proposatzen duena diseinatzea eta argitara ematea.

Hori dela eta, Pastorrek gaineratu du PSE-EEk "bere bidea eta helmuga zein diren" argi azaltzeko eskatuko diola Eusko Jaurlaritzari, "lehendakariak ezin baitu euskal herritarrak entretenitzen jarraitu, esaldi korapilatsuekin eta Guadianaren pare agertzen eta desagertzen diren proposamenekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PSE-EE berriak Eguneko albisteak