Politika -

Palmako Auzitegia

Noos auziaren epaiketa urtarrilaren 11n hasiko da

Saio kopurua zehazteko aldeak urriaren 23rako deitu ditu epaileak. Lehen hitzordu horretara, fiskala eta abokatuak bakarrik joango dira, ez akusatuak. 18 pertsona eseriko ditu akusatuen aulkian.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina infanta eta haren senarra, Iñaki Urdangarin, beste 16 lagunekin batera akusatuen aulkian eseriko dituen epaiketa urtarrilaren 11n hasiko da, Palmako Auzitegiak gaur iragarri duenez.

Noos auzia antolatzeko eginbide baten berri eman du Balear Uharteetako Lurralde Auzitegiaren Lehen Sekzioko idazkari judizialak. Gainera, Ministerio Fiskala eta gainerako aldeen abokatuak deitu ditu, saio kopurua zehazteko. Agerraldia urriaren 23an izango da, 10:00etan.

Lehen hitzordu horretara, fiskala eta abokatuak bakarrik joango dira, ez akusatuak. Aurretiazko saio hori Balear Uharteetako Administrazio Publikoaren Eskolan (EBAP), Palmako Son Rossinyol Industrialdean, egingo dute.

Gainera, akusazioek eta defentsek proposatutako frogen egokitasuna edo desegokitasuna zehazteko auto bat argitaratu du Auzitegiak.

Auto horren kontra helegitea aurkezterik ez dago. Hala ere, frogak ukatu zaizkienei eskakizuna berriz egiteko aukera emango diete ahozko epaiketan.

18 akusatuak

Noos auziak 18 pertsona eseriko ditu akusatuen aulkian: Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin, Diego Torres bazkide ohia eta Ana Maria Tejeiro (Torresen emaztea), Marco Antonio eta Miguel Tejeiro (Torresen koinatuak), eta Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia, besteak beste.

Horiekin batera, Jose Luis Ballester, Gonzalo Bernal, Juan Carlos Alia eta Miguel Angel Bonet Balear Uharteetako Administrazioaren goi-kargudun ohiak, Alfonso Grau, Luis Lobon, Jose Manuel Aguilar, Jorge Vela eta Elisa Maldonado Valentziako arduradun publiko ohiak, Mercedes Coghen Madrid 16ko kontseilari delegatu ohia eta Salvador Trinxet aholkulari fiskala daude auziperaturik.

Noos auzia Palmako auzitegiaren lehen sekzioak epaituko du. Juan Pedro Yllanes magistratua izango da epaimahaiko presidentea; Samantha Romero, txostengilea, eta Eleonor Moya, hirugarren magistratua.

Urdangarinek eta Torresek sortutako elkarteei diru publikoak emateko ustezko sarea epaituko dute bertan. Ustez, 3,5 milioi euro jaso zituzten Valentziako administrazioen eskutik; 2,5 milioi, Balear Uharteetako Gobernutik, eta 114.000 euro, Madrilgo Udaletik.

Ustez ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, prebarikazioa, Administrazioari iruzur egitea, eraginen trafikoa, iruzurra, agiriak faltsutzea, funtzionarioek agiri publikoa faltsutzea, merkataritza dokumentuak faltsutzea, Ogasun Publikoaren aurkako delituak eta dirua zuritzea egotzita epaituko dituzte.

Rato, Gallardon, Aza eta Almansa, lekukoak

Besteak beste, Fernando Almansa eta Alberto Aza (Erregearen Etxeko buru ohiak), Rodrigo Rato (Ekonomia ministro, Gobernuko presidenteorde eta NDFko presidente ohia) eta Alberto Ruiz-Gallardon (Madrilgo alkate eta Justizia ministro ohia) deitu dituzte lekuko gisa deklaratzera.

Guztira, 364 lekuko onartu ditu Auzitegiak, baina Felipe VI.aren deklarazioa legeak derrigortuta baztertu du. Gainera, ahozko saioan 21 aditu deitzea onartu du.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak eskatutako 347 lekuko onartu ditu; besteak beste, Carlos Garcia Revenga infanten idazkari ohia eta Jose Manuel Romero (Fontaoko kondea) Erregearen Etxeko aholkulari juridiko ohia. Revenga auzian inputaturik egon zen.

Francisco Camps Valentziako presidente ohiak, Rita Barbera Valentziako alkateak, Esteban Gonzalez Pons kontseilari ohiak, eta Francisco Roig eta Vicente Soriano kirol enpresaburuek ere, lekuko bezala deklaratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin auzia Epaiketak