Politika -

Espetxeak

ETAk armak laga zituenetik euskal presoen kopuruak behera egin du

Dozenaka preso aske utzi zituzten 2014ko amaieran, Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako auzitegiak 2006az geroztik aplikatzen ari ziren Parot doktrina baliogabe utzi ondoren.

Espetxe bat. Artxiboko irudia: EITB
Espetxe bat. Artxiboko irudia: EITB
Espetxe bat. Artxiboko irudia: EITB

E. L. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denbora pixkanaka-pixkanaka aurrera doa, eta euskal presoak espetxeetatik ateratzen hasi ziren 2011ko urriaren 20az geroztik, ETAk indarkeria behin betiko utzi behar zuela iragarri zuenetik, alegia. Duela urte batzuk 700 baino gehiago zeuden kartzelan, eta orain 430 bat dira, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Etxerat euskal presoen senitartekoen elkarteak martxoan plazaratutako txostenean, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Portugaleko kartzeletan zeuden euskal presoak 498 zirela azaldu zuten.

Gaixotasun larri bat dutelako presoaldi arinduan, etxean, zigorra betetzen ari ziren zazpi preso zenbatu zituen elkarteak. Ondorioz, espetxean 491 ziren soilik. Bestalde, Etxeratek Langraiz bideko presoak zenbatzen ez dituela gogorarazi beharra dago.

2013ko martxoaren txostenean senideen elkarteak 598 preso zenbatu zituen. Hala, azterketa batetik bestera pasa ziren 12 hilabeteetan, ehun bat pertsona kartzelatik atera ziren.

498 presoetatik, 383 Espainiako espetxeetan (2013an baino 65 gutxiago) zeuden, 105 Frantzian (25 gutxiago) eta gainerakoak Ingalaterran, Portugalen eta Ipar Irlandan.

Dozenaka preso aske utzi zituzten 2014ko amaieran, Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako auzitegiak 2006az geroztik aplikatzen ari ziren Parot doktrina baliogabe utzi ondoren.

Sara Buesa, damutzen direnak birgizarteratzen laguntzearen alde

Sara Buesak, ETAk hildako Fernando Buesa lehendakariorde ohiaren alabak, “indarkeriaren eta bidegabekeriaren autokritika egiten dutenak birgizarteratzen” laguntzea eskatu zuen ostegunean.

Buesaren hitzetan, biktimarioak autokritika egiten ari dira, eta egindako kaltea onartu dute. Honenbestez, prozesu “ausart” bati hasiera eman diote, lehendakariorde ohiaren alabak goraipatu duenez. Zentzu horretan, “damutu eta aldatzeko borondatea azaltzen” dutenekin “eskuzabalak” izan behar direla uste du Buesak.

Buesaren ahotan, biktimak eta biktimarioak gizarteratu behar dira, “normaltasunerantz aurrerapausoak emateko”, baina lehenago “tragedia metabolizatu” behar dute. “Aurreiritziak hautsi eta sentsibilitate soziala areagotu” behar dutela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak