Politika -

Inbestidura saioa

Oposizioak gogor kritikatu du Mas

Hitzaldi "biktimista" eskaini izana eta "autokritikarik egin ez izana" egotzi diote jarduneko presidenteari.

Ines Arrimadas C's-ko bozeramailea. EFE
Ines Arrimadas C's-ko bozeramailea. EFE
Ines Arrimadas C's-ko bozeramailea. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko alderdiek gogor egin dute Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko presidentearen aurka, inbestidura saioan eskaini duen hitzaldiaren ostean.

Alde izan duen indar bakarra bere koalizioa (Junts Pel Si) izan da. Horren ildotik, Pere Aragones diputatuak "erantzukizunez jokatzea" eskatu dio CUPi, Masen alde bozka dezan.

Horren esanetan, Gobernu bat behar da, gaur JxSk eta CUPek Parlamentuan onartutako ebazpen independentista "gauzatzeko".

Carlos Carrizosa Ciudadanoseko bozeramaileak "autokritikarik egin ez izana" leporatu dio Masi. Izan ere, "azken urteetan gobernu egin ez balu bezala" hitz egin du.

Nolanahi ere, "harrigarriena" hitzaldi osoan ustelkeria aipatu ez izana izan dela esan du, horren alderdiak "15 egoitza enbargatuta dituen eta diruzaina espetxean dagoen arren".

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak kritikatu egin du "espainiar eta kataluniar eskuinek patriotismo ikasgaiak eman nahi izatea".

Eva Granados PSCko alderdikideak ere hitz egin du, eta Masek "porrot" gin duela eta "bizirauteko" baino ez dagoela borroka egiten erantsi du.

Joan Coscubiela Catalunya Si Que Es Port koalizioko bozeramaileak "zinismoa" egotzi dio Masi, hitzaldian orain arte ezarritako politiken aurkakoak defendatu baititu.

Halaber, Espainia Estatu totalitarioa dela esan izana kritikatu du, CDC "funtsezko zutabea" izan baita azken hamarkadetan.

Enric Millo PPCko bozeramaileak "CUPen aurrean makurtzea" aurpegiratu dio Masi, horren babesa lortzeko xedez.

"Etsi-etsian ari da CUPen babesa lortzen saiatzen", salatu du Millok, eta Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko “azken zubiak” eraitsi izana kritikatu du.

Azkenik, Albert Botran CUPeko diputatuak aurreratu du bere alderdiaren asmoa (Masen alde ez bozkatzea) ez dela aldatuko jarduneko presidentearen hitzaldia entzun eta gero.

Parlamentuan eskainitako prentsaurrekoan, prozesuak aurrera egin dezakeela azpimarratu du Botranek. "Agintean bat edo bestea egon liteke, baina garrantzitsuena da atzean eta alboetan notzuk dauden".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Artur Mas albisteak