Politika -

Memoria historikoa

Memoria eta justizia eskatu dute Mikel Zabalza gogoratzeko ekitaldian

Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartu dute omenaldi ekitaldian, Uxue Barkos presidentea buru zela.

Mikel Zabalza gogoratu dute haren desagerpenaren eta heriotzaren 30. urteurrenean. Argazkia: EiTB
Mikel Zabalza gogoratu dute haren desagerpenaren eta heriotzaren 30. urteurrenean. Argazkia: EiTB
Mikel Zabalzarentzat oroimena eta justizia eskatu dute

0:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Zabalza zenaren senide eta lagunek memoria, justizia eta erreparazioa eskatu dute, haren desagerpenaren eta heriotzaren 30. urteurrenaren harira, Garraldan egindako ekitaldian. Zabalza Bidasoa ibaian aurkitu zuten hilda, Guardia Zibilak atxilotu eta 20 egunera. Gainera, haren heriotzaren nondik norakoak argitzea ere eskatu dute.

Aezkoa ibarreko Garralda herriko kiroldegian egindako omenaldian, Mikel Zabalzaren senide eta lagunez gain, Nafarroako Gobernuko ordezkariak izan dira lehen aldiz, Uxue Barkos presidentea buru zela. Mikel Zabalza Gogoan plataformako kideek Foru presidentearen presentzia eskertu dute. Halaber, ekitaldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren bozeramailea eta Hizkuntza Politika, Berdintasun, Bake eta Elkarbizitza saileko kontseilaria, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Geroa Bai, EH Bildu, Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariak.

Ekitaldi xume eta hunkigarria izan da eta lore-eskaintzaz gain, musika emanaldiak eta herri bazkaria izan dira.

Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Mikel Zabalza Donostiako haren etxean eta, 20 egunera, Bidasoa ibaian hilda aurkitu zuten.

"Bertsio ofizialaren arabera, Mikelek Guardia Zibilarengandik ihes egin zuen -eskuburdinak eta eskuak bizkarrean zituela- eta Bidasoa ibaia gurutzatzen saiatzen ari zela ito egin zen. Dena den, torturen eraginez hil zela dioten zantzuak eta lekukotzak daude", adierazi dute ohar batean.

Mikel Zabalzarekin gertaturikoa argitzeko urte horietan guztietan egindako ahaleginek porrot egin dutela onartu ostean, 1985eko gau hartan zer gertatu zen argitu artean haren senide eta lagunek lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

Bestalde, Mikel Zabalzaren desagerpenaren eta hilketaren 30. urteurrenaren harira dokumental bat grabatzen ari direla zehaztu dute. "Zauriak 30 urte egingo ditu laster eta oraindik ez da itxi", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Albisteak Gaur Eguneko albisteak Polizia indarkeriari buruzko albisteak