Politika -

KATALUNIA

CDC desegin egingo da, 'zentroko alderdi handi bat' sortzeko

Josep Rullek aurreratu duenez, CDC desegin ondoren sortuko duten alderdi berrian Artur Masek egiteko 'garrantzitsua' izango du.

Josep Rull, CDC.
Josep Rull, CDC.

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"CDC alderdia desegin egingo dugu eta zentroko alderdi handi berri bat abian jartzeko urratsak ematen hasiko gara". Hala iragarri du Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak, goizean, hedabideen aurrean egin duen agerraldian.

Data zehaztuta ez dagoen arren, alderdiaren hurrengo kongresuan desegingo dute CDC. Batzorde Exekutibo Nazionalaren ondoren eman dute erabakiaren berri.

"Proiektu arrakastatsu bat itxiko du, hobeagoa izango den beste bati hasiera emateko", esan du Rullek.

Sortuko den alderdi berrian Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak izango duen tokiaz galdetuta, Rullek ziurtatu du egiteko "garrantzitsua" izaten jarraituko duela, baina ez du xehetasun gehiago eman.

Convergenciako bigarrenak disoluzio hori nola egingo den aipatu du eta lauzpabost hilabeteko epean egitea aurreikusten dutela zehaztu du: egungo alderdia operatiboki jardun ahal izateko gutxienekora murriztuko da eta alderdikideei alderdi berrira mugitzeko gonbidapena egingo zaie.

Rullek azpimarratu du CDC berriz fundatu ordez alderdi berria sortuko dutela bi helburu oinarri hartuta: independentziaren aldekoen gehiengoa handitzea eta prozesu subiranista "burutzeko" lan egitea.

Proiektu politiko berrira independentziaren aldekoa den, independentzia lortzeko alderdia nahi duen eta zatiketa gauzatzen denean kudeaketarako gai izango den alderdi bat nahi duen "jende moderatua" batzea espero dute.

"Independentziaren osteko alderdia. Herrialde arrunt bateko alderdi arrunt bat. Herrialde independente baterako alderdi bat", zehaztu du Rullek. Europa hegoaldeko Danimarka edota Herbehereak izan daiteke Kataluniako estatua.

CUPekin negoziazioak

Kataluniako gobernu berria osatzeko CUPekin abiatutako negoziazioak ere izan ditu hizpide CDCko ordezkariak. Horren hitzetan, Hauteskunde Orokorren kanpaina hasi aurretik akordioa lortzea posible da. "Maniobrarako tartea badago", esan du.  Dena dela, ez du baztertu hauteskundeak aurreratzeko aukera.

"Akordioa erdiesten saiatu behar dugu, hauteskundeak aurreratzeko aukera hor dagoela jakinda. Aurreratu behar badira, aurreratuko dira, nahiko genukeen agertokia hori ez izan arren", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Albisteak Artur Mas