Politika -

Aurkezpena

Gure Esku Dagok herri galdeketak egingo ditu ekainaren 19an, Goierrin

Datozen hilabeteetan kontsultaren nondik norakoak zehaztu eta sinadura bilketa egingo dute. Galdera, berriz, apirilean erabakiko dute.

Anjel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Anjel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Lehen herri-galdeketak datorren ekainaren 19an izango dira Goierrin

0:16

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen inguruko lehendabiziko herri galdeketak egingo ditu ekainaren 19an Goierriko 22 herritan, hala iragarri du larunbat honetan Lazkaon egindako aurkezpen ekitaldian. Guztira, 70.000 herritar daude hautetsontzietara deituta.

Datozen hilabeteetan kontsultaren nondik norakoak zehaztuko ditu dinamikak eta sinadura bilketa ere egingo du herritarren babesa lortzeko. Galdera zein izango den, berriz, apirilean iragarriko du.

Gaurko aurkezpen ekitaldian, herri galdeketak egiteko jarraitu beharreko prozesua azaldu dute herritarren aurrean. Zehazki, prozesua aurrera eramateko sortuko diren lantaldeen berri eman dute eta herritarrei dei egin diete lantalde horietan parte hartzeko, "denen artean eta elkarrekin lan eginda bakarrik izango baita posible herri galdeketa".

Bestalde, epeei dagokionez, gaur hasi eta urtarrila bitartean sinadura bilketak egingo dituzte herriz herri; izan ere, Gure Esku Dagoren hitzetan, herri galdeketak herritarren babesa izateko hori da lehen pausua. Aldi berean, galdeketak gauzatzeko aurkezpenak egin eta lan taldeak osatuko dituzte herrietan.

Aurrerago, otsaila eta apirila artean, eskualdeko komisioak aurkeztu eta ekainaren 19ko galdeketari begira herrietan proposatutako galderak bilduko dituzte.

Apirilean, ostera, galdera aurkeztuko dute. Hilabete berean, apirilaren 12tik 14ra, autodeterminazio eskubidearen mozioaren 85. urteurrena ospatuko dute.

Azkenik, galdeketaren aurreko igandean, ekainaren 12an, adierazpen eguna egingo dute hainbat herritan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gure Esku giza katea Zumarraga Ordizia bideoak Beasain bideoak Eguneko albisteak