Politika -

Epaiketa Parisen

Frantziak bizi osorako espetxe-zigorra ezarri dio Mikel Karrerari

2010eko martxoan Jean-Serge Nerin jendarmea tiroz hil izana leporatu diote. Nerin ETAk eragindako azken hildakoa da.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Justiziak bizi osorako kartzela-zigorra ezarri dio Mikel Karrera Sarobe ETAko buruzagi izandakoari, 2010eko martxoaren 16an Jean-Serge Nerin jendarmea tiroz hiltzeagatik. Nerin ETAk eragindako azken biktima izan zen.

Horrez gain, Parisko Zigor Auzitegiak 14 eta 25 urte arteko espetxealdiak ezarri dizkie ETAko gainerako bost auzipetuei, Villiers en Biere herrian, Paris hegoaldean, Poliziaren patruila batekin tiroketa izan zuen eta bost ibilgailu lapurtu zituen taldeko kide izateagatik.

Epaileek 25 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Arkaitz Agirregabiriari, berak eman zuelako armak erabiltzeko agindua.

Joseba Fernandez Aspurzi eta Josu Urbieta Akortari, berriz, 16 urteko zigor bana ezarri diete, jendarmeen aurka tiro egin zutela frogatuta geratu delakoan. Fernandez egun horretan bertan atxilotu zuten.

Izaskun Lesakari eta Xabier Goienetxeari 14 urteko espetxealdia ezarri diete, kontzesionario bateko lapurretan parte hartzeagatik eta bertako langilea indarrez lotuta uzteagatik.

Goienetxeari Nerin hiltzea ere egotzi zioten hasiera batean; izan ere, bi pertsona ezberdinek egindako tiroen ondorioz hil zuten; horietako bat Mikel Karrera izan zen, baina Poliziak ez zuen froga nahikorik lortu bigarren tiratzailea nor izan zen jakiteko. Horrenbestez, Fiskaltzak ez zuen delitu horrengatik Goienetxea zigortzea eskatu.

Bestalde, Mikel Karrerari erakunde terroristako buruzagi izatea ere leporatu diote, ETAko talde logistikoa eta militarra zuzentzen zituelako.

Gauzak horrela, bigarren aldia da Frantzian bizi osorako espetxealdia ezartzen diotela Karrerari. Zigor bera ezarri zioten 2007ko abenduaren 1ean, Capbretonen, bi guardia zibil tiroz hiltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak ETA Albisteak