Politika -

Katalunia

Junts pel Sik ez dio beste proposamenik egingo CUPi eta zain izango da

Iraileko hauteskundeetan JxSiko zerrendaburu Raul Romevak gogorarazi du CUPek ez duela bere taldeko eskaintza errefusatu. Artur Masek adierazi du Katalunia eta bertako Gobernua lanean daudela.

Raul Romeva, asteleheneko agerraldian. Argazkia: EFE.
Raul Romeva, asteleheneko agerraldian. Argazkia: EFE.
Berdinketa, CUPen Batzar Nagusian: zeintzuk dira hurrengo urratsak?

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iraileko hauteskundeetan Junts pel Siko zerrendaburu Raul Romevak azaldu du astelehen honetan bere taldeak ez diola beste proposamenik egingo CUPi, Artur Masen inbestidurarako babesa lortzeko asmoarekin, eta "errespetuz" egongo direla zain, ea antikapitalistek zer erabakitzen duten azkenean urtarrilaren 2an, alegia, datorren larunbatean.

Kazetariei Kataluniako Parlamentuko pasabideetan egindako adierazpenetan, Romevak gogorarazi du JxSiko jatorrizko eskaintza ez duela CUPek errefusatu; izan ere, berdinketa teknikoa izan zen: "Urtarrilaren 2ko data jarri dute. Guk, errespetuz, itxarongo dugu. Ez dugu besterik gehitzerik. Haiek ere ez dute iritzi argirik erakutsi".

Galdetu diotenean ea JxSik Masen ordezko beste hautagairen bat proposatuko lukeen, CUPek jarduneko presidenteari babesik ez ematea erabakiz gero, Romevak ez du aukera horren gainean hitz egin: "Bi aukera daude, eta berdinketa izan da. Beraiek berdinketa hori desegiten dutenean, baloratuko dugu egoera. Ordura arte, ezin dugu emaitza zehatzik baloratu".

CUPen Batzar Nagusian 1.515na egin zuten Masi babesa emateko aldekoek eta horren aurkakoek. Hori dela eta, azken erabakia larunbatean hartuko dute, CUPeko Kontseilu Politikoak eta Parlamentu Ekintza Taldeak (alderdiko 10 diputatuek osatzen dute azken talde hori).

Berdinketaren ostean, CUPeko diputatu Anna Gabrielek JxSiri galdegin zion Batzar Nagusiko emaitza ulertzen jakitea, eta aldaketak sartzea jatorrizko eskaintzan. Romevak, hala ere, uste du berdinketak erakusten duela proposamenak balekoa izaten jarraitzen duela.

CUPen Batzar Nagusian igandean izandako berdinketak muturreko egoeran jarri du Kataluniako politika; izan ere, hasi berri den astean ezin izango da inbestidura egin, eta bakarrik geratzen da hurrengo astea presidente berria inbestitzeko. Bestela, urtarrilaren 10erako ez balute eginda izango, hauteskundeak deitu beharko lituzkete berriro.

Mas: "Katalunia eta bere Gobernua martxan daude, kezkak eta zalantzak gorabehera"

Kataluniako jarduneko presidente Artur Masek aseguratu du astelehen honetan Katalunia eta bere Gobernua martxan daudela, "kezka eta zalantza politikoak gorabehera". Hala eman dio amaiera Tarragonako El Catlarren egindako diskurtsoan (kartzela bat inauguratu dute).

“Benetakoa denaren egiazko itxura eman behar da: herrialdea badabil, eta baita Gobernua ere”, esan du Masek, administrazio publikoen lana defendatu ostean. Masek berretsi du administrazioak herritarren zerbitzura daudela, lan ona ari direla egiten eta ondo egiten jarraitzeko asmoa dutela, “are hobeto, etorkizunean”.

Halaber, argi utzi du bere Gobernua ez duela ahazten egunerokoa, "alderantziz"; horren gaineko kritika batzuk izan dira, zeren eta Kataluniako Gobernua jardunean dago irailaren 27ko hauteskundeetatik.

Kataluniako Parlamentuak urtarrileko 4, 5 eta 7 erreserbatu ditu balizko inbestidura-saiorako

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak adostu dute inbestidura-saioa urtarrilaren 4an, 5ean eta 7an egitea, JxSik eta CUPek akordioa erdietsiko balute.

Mahaiak eta Batzarrak beste bilera bat egitea adostu dute, urtarrilaren 4ko goizean, saioa formalki deitzeko, subiranisten arteko akordioa izango balitz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Alderdi politikoak berriak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas bideoak CUP albisteak