Politika -

Katalunia

ERCk azkeneraino negoziatzen jarraitzeko eskatu die CDCri eta CUPi

Oriol Junquerasek ez du esan Artur Masek bere hautagaitzari uko egin behar dion ala ez, eta ez du argitu akordioa ahalbidetzeko Kataluniako presidentegai izateko prest egongo litzatekeen.

Oriol Junqueras ERCko presidentea. EFE
Oriol Junqueras ERCko presidentea. EFE
Negoziazioei berriro ekiteko eskatu die Junquerasek CDCri eta CUPi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras ERCko presidenteak azken unera arte negoziatzen jarraitzeko deia luzatu die CDCri eta CUPi, hauteskunde berri batzuetan pentsatzen hasi barik eta prozesu soberanistaren onerako.

Junquerasek uste du akordio oraindik posible dela, baina horretarako ezinbestekotzat jo du CUPeko eta CDCko ordezkariak negoziazio mahaitik ez altxatzea. “Hitz egiten jarraitu behar dute”, adierazi du. Hala ere, Junquerasek aitortu du egoera oso zaila dela, akordiorik ezean, urtarrilaren 10ean hauteskunde berriak automatikoki deituko dituztelako.

Martxoan izango liratekeen hauteskundeetan Junts Pel Siren formula errepikatzeko aukerarik dagoen aztertzea (CDCk luzatu du proposamena) “arduragabekeria” dela esan du, oraindik negoziatzeko eta adostasun batera heltzeko eta, beraz, hauteskundeak ekiditeko denbora dagoelako.

Ildo horretan, Junquerasek azpimarratu du martxoan hauteskunde berriak egiteak ez duela Katalunian gobernagarritasun handiagoa egongo dela bermatzen.

CUPen erabakiaren ostean Artur Masek bere hautagaitza erretiratu beharko lukeen galdetuta, Junquerasek ondoko erantzun du: “Guk negoziatzen jarrai dezatela eskatzen diegu”.

Akordioa ahalbidetzeko Kataluniako presidentegaia izateko prest egongo litzatekeen galdetu diotenean, berriz, ondokoa adierazi du: “Gure herriaren mesedetan edozer egiteko prest egongo nintzateke, baina Esquerrak konpromiso batzuk hartu zituen Junts Pel Siren zerrenda osatzerakoan eta horiek beteko ditugu”.

“Gure konpromisoekiko leialak gara eta gainerako guztiei herri honekiko eta Kataluniako herritarrekiko leialak izatea eskatzen diegu; hitz egiten jarrai dezatela eskatzen diegu”, berretsi du. ERCk negoziazio mahaian segituko duela ere esan du. “Akordioa posible eta beharrezkoa da”, nabarmendu du.

ERCk adostasun batera heltzeko bere eskuan dagoen guztia egingo duela agindu du eta CDCri eta CUPi gauza bera egiteko eskatu die.

Bestalde, Joan Tarda ERCk Kongresuak duen bozeramaileak Artur Masek presidentegai izateari uko egin behar liokeela esan duela eta, Junquerasek esan du Tardarekin eta bere alderdiko beste kideekin “beti” dagoela ados, baina ERCren “jarrera ofiziala” presidenteak adierazten duena dela azpimarratu du.

“Eta orain nire jarrera alde guztiei negoziatzen jarraitzeko eta akordio batera heltzeko eskatzea da”, berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Artur Mas argazkiak