Politika -

Noos auzia

Cristina infantaren aurkako epaiketa historikoa gaur hasiko da Palman

Espainiako errege familiaren kide bat erruztatuen aulkian lehen aldiz eseriko duen ahozko saioak ikusmin handia piztu du. Hala, nazioarteko eta Espainiako 84 komunikabidek jarraituko dute epaiketa.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Cristina Infanta eta Urdangarin elkarrekin iritsi dira epaitegira

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balear Uharteetako Administrazio Publikoaren Eskolan, Palmako kanpoaldean, hasiko da gaur 09:15 aldera Cristina infanta, haren senarra, Iñaki Urdangarin, eta beste 16 akusatu epaituko dituen ahozko saioa, Noos auziaren baitan.

Espainiako errege familiaren kide bat erruztatuen aulkian lehen aldiz eseriko duen ahozko saioak historiako ikusmin judizial handiena piztu du. Hala, nazioarteko eta Espainiako 84 komunikabidek jarraituko dute epaiketa. 352 lekukok testigantza emango dute prozesuan.

Urdangarinek eta haren bazkide ohiak, Diego Torresek, sortutako entitateak diru publikoarekin aberasteko ustezko sarea epaituko dute. Entitateek 3,5 bat milioi jaso zituzten Valentziako administrazio publikoen eskutik, beste 2,5 milioi Balear Uharteetako Gobernuarengandik, eta Madrilgo Udalak ere beste 114.000 euro eman zizkien. Ogasunari egindako iruzurra ere epaituko dute.

Akusatu nagusiak biak dira, baina Cristina infantak eta Ana Maria Tejeiro Torresen emazteak ustezko sarean erantzukizun zibila dutela uste du magistratuak, diru-sarrerak gastu pertsonalentzako erabiltzeagatik.

Gainera, zerga delituetan laguntzea leporatu dio Manos Limpiasek Cristinari, eta dirua zuritzea Tejeirori.

Herri akusazioa

Aldeek aurretiazko gaiak planteatuko dituzte gaur. Horrela, Manos Limpias herri akusazioaren legitimazioa zalantzan jarriko du erregearen arrebaren defentsak. Infantaren aurkako akusazioa bakarka aurrera eramateko gaitasunik ez duela uste du Cristinaren abokatuek. Zortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du sindikatuak, senarrari zerga delituetan laguntzeagatik.

Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak infantaren aurkako prozedura artxibatzea eskatu zuten, baina erantzukizun zibila duela uste dute: Ogasuneko ordezkari legalen arabera, 587.413 euro eta 168.571 euro eraman zituen.

Sindikatuak bakarrik erregearen arrebaren aurkako akusazioa mantentzerik ez duela azalduko dute Cristinaren abokatuak gaurko ahozko saioan. Horretarako Botin doktrina erabiliko dute.

Miquel Roca Cristina infantaren abokatua Noos auzia efe

Miquel Roca, Cristina infantaren abokatuetako bat. Argazkia: EFE

Prozedura Kriminaleko Legearen 782.1 artikulua eta Auzitegi Gorenak 2007an ezarritako doktrina hori aplikatzea eskatuko dute. Botin doktrinaren arabera, herri akusazioak ezin du bakarka inor zerga delituengatik erruztatuen aulkian eseri.

Lau aste

Aurretiazko gaiak ebatzi ondoren, Samantha Romerok, Eleonor Moyak eta Rocio Martinek osatutako epaimahaiak lau aste izango ditu erabakitzeko; izan ere, epaiketak otsailaren 9an jarraituko du.

Infantari Botin doktrina aplikatu ala ez erabakiko dute epaileek. Ondoren, akusatuek agerraldia egingo dute otsailaren 9tik 26ra bitartean. Jose Luis Pepote Ballester Balear Uharteetako Gobernuaren Kirol zuzendari nagusi ohia aurrena izango da, Ministerio Fiskalak proposatutako ordenaren arabera. Ondoren 352 lekukok deklaratuko dute martxoaren 8tik maiatzaren 17ra.

18 akusatuak

Noos auziak 18 pertsona eseriko ditu akusatuen aulkian: Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin, Diego Torres bazkide ohia eta Ana Maria Tejeiro (Torresen emaztea), Marco Antonio eta Miguel Tejeiro (Torresen koinatuak), eta Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia, besteak beste.

Horiekin batera, Jose Luis Ballester, Gonzalo Bernal, Juan Carlos Alia eta Miguel Angel Bonet Balear Uharteetako Administrazioaren goi-kargudun ohiak, Alfonso Grau, Luis Lobon, Jose Manuel Aguilar, Jorge Vela eta Elisa Maldonado Valentziako arduradun publiko ohiak, Mercedes Coghen Madrid 16ko kontseilari delegatu ohia eta Salvador Trinxet aholkulari fiskala daude auziperaturik.

Noos auzia Palmako auzitegiaren lehen sekzioak epaituko du. Juan Pedro Yllanes magistratua izango da epaimahaiko presidentea; Samantha Romero, txostengilea, eta Eleonor Moya, hirugarren magistratua.

Noos auzia efe

Epaiketaren aretoa. Argazkia: EFE

Rato, Gallardon, Aza eta Almansa, lekukoak

Besteak beste, Fernando Almansa eta Alberto Aza (Erregearen Etxeko buru ohiak), Rodrigo Rato (Ekonomia ministro, Gobernuko presidenteorde eta NDFko presidente ohia) eta Alberto Ruiz-Gallardon (Madrilgo alkate eta Justizia ministro ohia) deitu dituzte lekuko gisa deklaratzera.

Guztira, 364 lekuko onartu ditu Auzitegiak, baina Felipe VI.aren deklarazioa legeak derrigortuta baztertu du. Gainera, ahozko saioan 21 aditu deitzea onartu du.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak eskatutako 347 lekuko onartu ditu; besteak beste, Carlos Garcia Revenga infanten idazkari ohia eta Jose Manuel Romero (Fontaoko kondea) Erregearen Etxeko aholkulari juridiko ohia. Revenga auzian inputaturik egon zen.

Francisco Camps Valentziako presidente ohiak, Rita Barbera Valentziako alkateak, Esteban Gonzalez Pons kontseilari ohiak, eta Francisco Roig eta Vicente Soriano kirol enpresaburuek ere, lekuko bezala deklaratuko dute.

Dokumentazioa Noos auzia efe

Noos auziaren dokumentazioa. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin auzia Epaiketak