Politika -

Legegintzaldi berria

Lopezek 'elkarrizketa eta elkar-ulertzea' eskatu die diputatuei

Kongresuko presidente berriak hasiera eman dio legegintzaldiari.

Patxi Lopez, Kongresuko presidente berria

2:06

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez Kongresuko presidente berriak hasiera eman dio XI. legegintzaldiari, elkarrizketa eta elkar-ulertzea eskatuta. Izan ere, horren esanetan, "Espainia anitza da, eta askotarikoa nortasunak ulertzeko moduan". Hala ere, horren guztiaren gainetik, "proiektu komun" bat dela nabarmendu du.

"Espainia ez da mapa bat, edota nortasun bat, akordio herritar bat da askatasunaren eta garapen kolektiboaren alde", esan du lehendakari ohiak, Behe Ganberako presidente gisa egindako lehen hitzaldian. 350 diputatuen aurrean, "aniztasunaren zaintzaile" izateko deia egin die.

Lopezen esanetan, "gizarte askeen mamia" "nortasuna ulertzeko modu ezberdinak" egotea da. "Ideologia askatasuna eta nortasun aniztasuna gizarte aske bat elikatzen duen odola dira", azpimarratu du.

Bihar, erregearekin

Lopez Felipe VI.a erregearekin bilduko da bihar, Gorte Orokorrek osaketaren eta horietan ordezkaritza duten taldeen berri emateko.

Horren ondoren, estatuburuak bilera-sorta abiatuko du talde parlamentarioekin, txikienetik handienera, inbestidura saioan izango duten jarrera hizpide.

Bilerak bukatu ostean, monarkak hautagai bat proposatu beharko du inbestidura saioa egiteko. Orain arte, alderdi bozkatuenaren zerrendaburua izan da beti, baina ez du zertan izan, sistema parlamentarioan negoziazioak eta Ganberan babesak lortzea baita garrantzitsuena. Hori bai, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak baieztatu du inbestidura saiatzeko asmoa duela.

Legegintzaldiaren hasiera

Abenduaren 20ko hauteskunde orokorretatik atera ziren Gorte Orokor berriak gaur osatu dituzte. Hauteskundeak irabazi zituen alderdiko kide batek ez du Kongresua zuzenduko lehen aldiz; izan ere, Patxi Lopez sozialista da presidentea. Horixe izango da, hain zuzen ere, berritasun nagusia.

Kongresuan, presidentea eta Mahaiko gainerako zortzi kideak aukeratu ondoren 350 diputatuak karguaz jabetu dira.

Lehen bozketan aukeratua izateko 176 boto ez ditu lortu Patxi Lopezek. Ondorioz, bigarren itzuli batean Carolina Bescansa Podemoseko hautagaiarekin neurtu behar izan ditu indarrak;  azkenak 71 boz jaso ditu.

Bi bozketetan emaitza bera izan da: 130 boto Lopezentzat (PSOEren 89, Nueva Canariasen bat eta Ciudadanosen 40) eta 71 Bescansarentzat, Podemosen 69 diputatuak eta IU-Unidad Popularreko beste bi.

Senatuak Kongresuaren antzeko eskema jarraitu du. Pio Garcia-Escudero berriro aukeratu dute Senatuko presidente, PPren gehiengo absolutuari esker.

Senatuko Mahaitik kanpo geratu da, azkenean, Podemos alderdia, gainerako alderdiekin akordiorik ez baitu erdietsi. Hala, EAJk ordezkaritza izango du Goi Ganberan, PSOErekin eta PPrekin batera; popularrek lau ordezkari izango dituzte Senatuko Mahaian, sozialistek bi eta jeltzaleek bakarra. Maria Eugenia Iparragirrek hartu du EAJren tokia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak Patxi Lopez azken orduko berriak