Politika -

Biografia

Duran i Lleida, Kataluniako prozesuaren beste biktimetako bat

Bere bizitzan zehar ordezkaritza publikoarekin lotutako kargu anitz izan ditu: zinegotzia Lleidan, diputatua Kongresuan, diputatua Europako Parlamentuan eta parlamentaria Katalunian.

Josep Antoni Duran i Lleida. Foto: EFE
Josep Antoni Duran i Lleida. Foto: EFE
Josep Antoni Duran i Lleida. Foto: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Antoni Duran i Lleidak Unio Democratica de Catalunya alderdiaren buruzagia izateari utzi dio, eta Kataluniako prozesu independentistaren beste biktimetako bat bihurtu da, Convergencia alderditik banandu ostean, Espainiako eta Kataluniako Parlamentuetan ordezkaritza galduta.

Nazionalismo katalanaren aurpegirik ezagunenetarikoa izan da azken urteetan Espainiako Kongresuan, eta harreman handia dauka Espainiako enpresariekin. Moderazioaren eta elkarrizketaren alde egin du beti, eta horrek haren ibilbidea kaltetu du, Artur Masen jarrera erradikalizatu denetik bereziki.

2004tik CiUren bozeramailea izan da Madrilen, baina joan den ekainetik, Convergencia eta Unio banandu zirenetik alegia, demokristauak bakarrik ordezkatzera igaro zen. Ordutik bi alderdi diferente bezala aritu dira Kongresuan.

Boterearen goi-mailan aritu da

1952. urtean martxoaren 27an Alcampellen jaio zen Duran, Huescan. 29 urte daramatza Unio alderdiaren buru izaten, eta azken hiru hamarkadetan boterearen goi-mailan aritutakoa da, bai Espainian baita Katalunian ere.

Kataluniako kulturaren eta hizkuntzaren defendatzaile sutsua da (Omnium Culturaleko bazkide da), eta Kataluniarentzako finantzaketa hobearen alde egin du beti, baina aldi berean independentziaren aurka dago. Erdiko bide horren alde egitea haren kalterako izan da, Katalunian inoiz baino gehiago muturreko jarreraren alde egin baitute.

Azken urteetan independentistentzako oztopo bihurtu da, eta independentziaren alde argi eta garbi adierazi ez izana leporatu diote. Izan ere, Artur Masekin inki-manka ibili dira azken bi urteetan, publikoki gainera. Hori dela eta, 2014ko uztailean CiUren Idazkari Nagusia utzi egin zuen Duranek, karguan 14 urte eman ostean.

Unio, Parlamentutik at

Bere bizitzan zehar ordezkaritza publikoarekin lotutako kargu anitz izan ditu Duranek, izan ere, hori izan da bere ogibide bakarra: zinegotzia Lleidan, diputatua Kongresuan, diputatua Europako Parlamentuan eta parlamentaria Katalunian.

Haren ibilibide politikoa joan den abenduaren 20an amaitu zen, Espainiako Parlamentuan CiUk zituen jesarlekuak mantentzea lortu ez zuenean. Gau hartan dimisioa emango zuela iradoki zuen.

Dena dela, Duranek jasandako jipoirik handiena handik hiru hilabetera jazo zen, irailaren 27ko gauan, Kataluniako hauteskundeen ostean, Parlamentutik kanpo geratu zenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma