Politika -

Imelsa auzia

Valentzian atxilotutako zazpi pertsonan, behin-behinean aske

Rita Barbera Valentziako alkate ohia bera susmopean dagoelakoan, agerraldia eskatu du Podemosek. Rajoyk "erabat garbi" dagoela esan du.

Guardia Zibilaren agente batzuk atzo egindako miaketetako batean. EFE
Guardia Zibilaren agente batzuk atzo egindako miaketetako batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentziako PPren ustelkeriaren aurkako azken polizia operazioan atxilotutako 24 pertsonetako zazpi epailearenera eraman dituzte gaur arratsaldean, eta aske utzi ditu epaileak. Horietako lauk, baina, bermea ordaindu beharko dute.

Atzo ekin zion epaileak atxilotutakoak galdekatzeari. Maria Jose Alcon Valentziako Kultura zinegotzi ohia 150.000 euroko fidantzapean aske utzi zuen, badaezpadako beste neurri batzuekin (ondasunak bahitu dizkiote, besteak beste).

24 atxilotuez gain, beste bost pertsona ere ari dira ikertzen, atxilotu ez badituzte ere. Hasiera batean, bost lagun horiek goizean galdekatuko zituztela jakinarazi badute ere, aukera hori baztertu du eguerdian epaitegiak.

Alfonso Novo Valentziako Udaleko PPren bozeramailea eta Rita Barberaren ondorengoa da horietako bat. Gero eta gehiago dira Valentziako alkate ohi eta egun PPko senatari dena susmopean jarri dutenak.

Jomugan dagoela eta, Barberaren kontrako neurririk hartuko ote duen galdetu diote gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. "Nik dakidala, Barberari ez diote ezertxo ere leporatu, eta erabat garbi dago", erantzun du Rajoyk. Hala ere, ustelkeria kasu batean nahastuta dagoen "edozein kide" PPtik botako dutela esan du. Ustelkeriak "ez ditu zertan zaildu" Gobernua osatzen saiatzeko negoziazioak, erantsi du.

Ximo Puig (PSOE) Valentziako Generalitateko presidentearen esanetan, berriz, Alderdi Popularrak "gutxienez duela bi urte" ezagutzen ditu Valentziako Imelsa auziaren nondik norakoak, eta honek "eragina izango du" Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan. Rajoy "ustelkeriak zikinduta" dagoela esan du Puigek, eta Luis Barcenas PPko diruzain ohiari "Luis, eutsi gogor" bidali ziola eta Castelloko Diputazioko presidente ohiaz "herritar eredugarria" zela adierazi zuela gogoratu du.

Barberaren agerraldia

Antonio Montiel Podemosek Valentziako gorteetan duen bozeramaileak azaldu duenez, Rita Barberaren agerraldia eskatuko dute "Imelsa auzian omen duen harremanak senatari karguari zelan eragiten dion azal dezan".

Ciudadanos (C's) alderdiak, bestalde, ikerketa batzordea osatzeko eskatu du Valentziako Udalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Rajoy albisteak Ustelkeria politikoa azken albisteak Albisteak