Politika -

PROFILA

Esperanza Aguirre, 30 urteko ibilbide politikoa

Madrilgo PPren presidentetza utzi du, 30 urtez politikaren lehen lerroan izan ondoren. Lorpen asko ditu: autonomia erkidego bateko lehen emakumezko hautetsia eta Senatuko lehen presidente emakumezkoa.

Agentziak | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren buruzagi politikoak Madrilgo PPren presidentetza utzi du gaur, 30 urtez politikaren lehen lerroan izan ondoren. Lorpen asko utziko ditu: autonomia erkidego bateko lehen emakumezko hautetsia eta Senatuko lehen presidente emakumezkoa, besteak beste.

PPren presidentetza utziko badu ere, ez du bizitza publikotik alde egingo, Madrilgo Alderdi Popularreko bozeramaile karguari eutsiko baitio. Hain justu, maiatzetik du ardura hori. Hautagai bozkatuena izan zen hauteskundeetan, baina ez zuen gehiengo babesa lortu inbestidura ekitaldian.

2012an lehen lerrotik aldendu zen osasun arazoak tarteko –bularreko minbizia izan zuen-, baina orduko hartan iragarri zuen behin sendatuta politikara itzultzeko asmoa zuela, bere bizitzaren parte bat zelako.

Udal hauteskundeetarako Cifuentesekin batera aurkezteko eskatu zion Rajoyk martxoan. Aurrez, bi urtez, sektore pribatuan izan zen, Seeliger eta Conde enpresan, hain zuzen.

Geldialdirik gabeko ibilbidea

Union Liberal alderdiaren eskutik bete zuen lehen kargu publikoa. Coalicion Popular taldearen barruan eta Madrilgo Udaleko oposizioko zinegotzi hautatu zuten 1983an.

Juan Barranco sozialistaren aurkako zentsura-mozioaren ondoren, PP eta CDS hiriko gobernura sartu ziren eta Aguirre Ingurumen zinegotzi izendatu zuten. 1991n hirugarren alkateorde izendatu zuten. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi izendatu zuten gero.

1996an, Erkidegoko presidente zela, PPren Senaturako hautagai izendatu zuten. Hezkuntza eta Kultura ministro izendatu zuten, eta Senatuko lehen emakumezko presidentea izan zen, 2000. urtean berretsi zuen kargua, hain justu.

Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetara aurkezteko utzi zuen Senatuko ardura, eta gehiengo osotik eserleku batera gelditu zen. Gobernagarritasun eza zela eta, hauteskundeak deitu zituzten berriro handik eta hilabete batzuetara.

2003ko azaroan, Erkidegoko presidente hautatu zuten gehiengo osoz, 2007an eta 2011n bezala. Urte horietan guztietan indarra eta konfiantza irabazi du alderdi barruan zein kanpoan, batez ere 2004an Gallardonen hautagaiari, Manuel Cobori, norgehiagoka irabazi ondoren.

Krisiak

Ondo ezagutzen dutenek esaten dutenez, langile nekaezina da, oso arduratsua eta pentsatzen duena esateko arazorik ez duena. Zailtasun handiak topatu ditu bidean, Caja Madrileko zuzendaritzaren erreleboa, Gurtel auzia, Gallardonekin izandako harreman zaila eta Punica operazioa, besteak beste. Bide malkartsuari bidezidorra aurkitzen trebea izan da orain arte. Punica operazioak, baina, aurretik eraman du Aguirre.

Kirolzalea, –gimnasia egiten du egunero- hiriburutik atera eta, ahal duen guztietan, osteraldiak ematea du gustoko. 2005ean helikoptero istripu bati egin zion aurre, Bombayn zegoela atentatu baten lekuko izan zen 2008an, eta maila pertsonalean ere minbiziari egin dio aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak