Politika -

Ordezkaritza politikoa

Eurodiputatuak 'kexu' ageri dira presoen egoera dela eta

Euskal eragile politikoekin batzartzen ari den politikari europar taldeak esan du "hainbat iturrirekin hitz egiteko" asmoa dutela  ikusteko nazioarteko "legedia urratu ote den".

Tejeria Gabriele Zimmer eta Mark Demesmaeker diputatuekin. EFE
Argazkia: EFE
Tejeria Gabriele Zimmer eta Mark Demesmaeker diputatuekin. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoen egoera aztertzeko Hego Euskal Herrira etorri den eurodiputatu taldea "kexu" agertu da hori dela eta, eta "hainbat iturrirekin hitz egiteko asmoa" agertu du, nazioarteko "legea urratu ote den" ikusteko.

Hala mintzatu da Martina Anderson Sinn Fein Ipar Irlandako alderdiko eta GUE/NGL talde europarreko kidea, Europako Parlamentuko zazpi alderdiren izenean, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean, Tatjana Zdanok Latvijas Krievu Savieniba eta Greens/EFA taldeko kidearekin batera.

Bisita, Etxeratek proposatuta, bihar bukatuko dute, Hego Euskal Herrian hainbat bilera egin eta gero, presoen egoera baloratzeko.

Andersonen esanetan, 2015eko martxoan Etxerateko kideekin hitz egin zutenean, "oso kezkatuta bukatu genuen presoek, zein haien senideek, jasotako tratuagatik", sakabanaketa politika dela eta, eta Estatu espainiarrean eta frantziarrean "oinarrizko eskubideak urratzen ari zitzaizkiela" jakin zuten.

"Talka handia da kolektibo bati egindako zigorra delako, ez presoei, baizik eta haien ingurukoei, eta ondorioetako batzuk hildakoak dira", nabarmendu dute.

Foru Parlamentuan Ainhoa Aznarez presidenteak egin die ongietorria, Marisa de Simon (I-E), Laura Perez (Ahala Dugu), Unai Hualde (Geroa Bai), Koldo Martinez (Geroa Bai), Maiorga Ramirez (EH Bildu) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) parlamentariekin eta Eduardo Santos Ahal Duguko diputatu eta parlamentari ohiarekin batera.

"Presoen eta senitartekoen eskubideak urratzen ari dira"

Ordezkaritzaren parte den Gabriele Zimmerrek bisita aurkezteko prentsaurrekoan esandakoaren arabera, "arrazoi asko dago pentsatzeko Espainiako espetxe politika presoen eta euren senitartekoen eskubideak urratzen ari dela".

Politikariak agerraldian gogorarazi zuenez, presoen senitartekoek kilometro asko egin behar dituzte, horrek dakartzan "zama ekonomiko, fisiko eta psikologikoarekin".

Bere aldetik, ERC eurodiputatu Josep Maria Terricabrasek nabarmendu zuen Europako Parlamentuak beti duela "Giza Eskubideak defendatzeko betebeharra, edonon", bai EBtik kanpo baita kideak diren estatuetan. "Uste dugu aldaketa ez dela handia izan Euskadin, jarduera armatua 2011n bertan behera geratu zenetik, gehiago espero genuen", adierazi zuen.

Terricabrasen ustez, ordezkarien helburuak dira "oraindik kartzelan dauden presoekin zer gertatzen den ikustea, eta haien senideekin zer gertatzen den aztertzea". Halaber, Europako eta Espainiako legeek "saihestu eta gaitzetsi" egiten dute presoak euren sorterrietatik urrun egotea, gogorarazi du, eta "Europako Parlamentuan harridura dago, presoak hain urrunduta egoteagatik", erantsi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Nafarroa EAE Presoak albisteak Gaurko azken ordukoa