Politika -

Auzitegi Nazionala

Absoluzioa, 'Egunkaria' auziko bost auzipetuentzat

Ebazpenak dioenez, Egunkaria-ren itxiera Konstituzioaren kontrakoa da. Torrealdaik, Uriak, Auzmendik, Otamendik eta Oleagak agerraldia egingo dute astearte honetan, epaia baloratzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Egunkaria-ko bost zuzendariak ETArekin lotzen zituen akusaziotik, deliturik egin ez zutela eta erakunde armatuarekin zerikusirik ez dutela ondorioztatuta. Egunkaria-ren ildo informatiboak komunikabide hori "delituak egiteko tresna zela baztertzeko aukera" ematen duela eta 2003an itxi zutenean "gaikuntza konstituzional zuzenik" ez zegoela ere azpimarratzen du epaiak.

Gauzak horrela, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi errugabetzat jo ditu. Libre dira, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin hasi zen zazpi urteko prozesu judizialaren ostean.

Ebazpena zorrotza da eta Egunkaria-ren aurkako auzibidea gogor kritikatzen du. Esaterako, akusazioaren iturburua bera jada "oso ahula" dela dio, hots, inputazioa "arduragabea" dela. Ikerketa poliziala ez zela "gardena" izan eta euskararekin edota euskal kulturarekin lotura duen guztia ETAk "bultzatuta edo bere kontrolpean" dagoenaren ikuspuntua "itxia eta okerra da".

Javier Gomez Bermudezek zuzentzen duen&' || 'nbsp; zigor-arloko lehen sekzioko salaren ebazpenaren arabera, auzi honetan lehendabizi "ondorioa" idatzi zen eta ondoren "bilatu dira arrastoak, zantzuak". Areago, "ondorio hori babesten ez zuten azalpenak baztertu egin dira", eransten du.&' || 'nbsp;

Tortura salaketak

Bestalde, auzipetuak egindako tortura salaketen harira, Auzitegi Nazionalak dio atxilotuen testigantzak eta auzitegiko medikuek egindako txostenetan idatzitakoak "bateragarriak" direla.

Alabaina, "auzitegiak egin dezakeen gauza bakarra inkomunikazioak iraun zuen egunetan kontrol judizial nahikorik izan ez zela adieraztea da", dio epaiak.

Epaiketa

2003ko otsailaren 3an agindu zuen Juan del Olmo epaileak Egunkaria ixtea, ustez ETAren zerbitzupean zegoela argudiatuta, eta zazpi urteko ibilbide judizial luzeari hasiera eman zion.

2006ko abenduan Fiskaltzak onartu zuen ez zegoela inolako frogarik Egunkaria ETArekin lotzeko. Gauzak horrela, auzia artxibatzea eskatu zuen. Alabaina, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek jarritako salaketak aurrera egin zuen eta azkenean ahozko epaiketa burutzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.

14 urteko espetxe-zigorra eta 15 urteko gaitasungabetzea eskatu zuten Torrealdai, Uria, Auzmendi eta Otamendiretzat; Oleagaren aurkako eskaera, berriz, 12 urteko kartzela-zigorra eta 14 urteko gaitasungabetzea zen.

Auzi ekonomikoa

Nolanahi ere, Egunkaria-ren aurkako prozesu judiziala ez dago amaituta, izan ere, AVT eta Dignidad y Justiciak Auzitegi Gorenera jo dezakete, gaur ezagutarazitako epaiaren aurka helegitea jarrita.

Gainera, bigarren auzi bat ere badago irekita, auzi ekonomikoa, hain zuzen ere. Kasu honetan auzipetuak ondoko hauek dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena.

Diru kontuak faltsutzea eta zerga-iruzurra leporatzen diete zortzi auzipetuei. 13 eta 26 urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte auzipetuentzat, baita 21 eta 33 milioi euro arteko isunak ere. Epaiketaren data zehaztu gabe dago oraindik.

AVTren eta DyJren erreakzioa

Bestalde, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek gaur ezagutu den epaia "ETAren aurkako borrokari kolpe gogorra ematea" dela nabarmendu dute. Haien esanetan, Estatuak ordaindu beharko duen kalte ordainketa "terroristen ingurunea finantzatzeko" erabiliko dute.

Ohar batean azaldu dutenez, gaur ezagutu duten epaiari helegitea aurkeztea aztertzen ari dira.

AVT eta DyJ herri-akusazioa izan dira Egunkaria auzian. Epailearen erabakiaren aurrean errespetua aldarrikatu badute ere, ulertzen ez dutela, eta bat ez datozela azpimarratu dute.

Horregatik, Egunkaria "ETAren arlo mediatikoaren barruan" zegoela berretsi dute.

Elkarretaratzea Andoainen

Egunkaria-ko langile ohiek eta senitartekoek elkartasuna adierazi diete bost zuzendari ohiei astelehen arratsaldean. Elkarretaratzea Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute. Prozesuko zazpi urteetan zehar jasotako babesa eskertzeko aprobetxatu dute egunkariko zuzendari ohiek.

Agerraldia astearte honetan

Bestalde, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai etaTxema Auzmendi agerraldia egingo dute bihar 11:30ean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Auzitegi Nazionalaren epaia baloratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea