Politika -

Auzitegi Nazionala

Lopez hiltzen saiatzeagatik auzipetutakoak ukatu egin du ETAkoa dela

Medinak esan du ETAk atentatua egitea eskatu ziola, baina ezetz erantzun ziola.

Tomas Miguel Medina Etxebarria ETAko ustezko kidea. Argazkia: Efe
Tomas Miguel Medina Etxebarria ETAko ustezko kidea.
Tomas Miguel Medina Etxebarria ETAko ustezko kidea. Argazkia: Efe

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tomas Miguel Medina Etxebarria ETAko ustezko kideak ukatu egin du ETAko kidea dela eta Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Barne sailburu ohia hiltzen saiatu zela. Izan ere, Medinak esan du erakunde armatuak atentatua egiteko eskatu ziola, baina berak ezetz esan ziola.

"Ni ez naiz Basurde. Ez naiz ETAko kide izan eta ez diot lagundu", adierazi du Medinak Auzitegi Nazionalean gaur bertan hasi den ahozko epaiketan.

Auzipetuari erakunde terroristan parte-hartze aktiboa izatea eta bi hilketa terrorista saiakera leporatzen diote, eta Fiskaltzak 40 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Ministerio Publikoaren behin behineko kontakizunaren arabera, akusatua arma luzeen aditua da, ehizan aritzen zelako, eta lehendakaria eta sailburua hil nahi zituen 2010eko ekainaren 9an, Eduardo Puelles poliziaren hilketaren urteurrenean.

Atentaturik ez zen izan azkenean, ustez erabili behar zuten arma atzeman ziotelako ETAri Portugalen.

Medinak defentsaren galderei soilik erantzun die, eta esan du ez dela ETAko kidea. Azaldu duenez, 2008an ETAk gutun bat bidali zion, baina ez zuen ireki nahi izan, "sentsazio txarra" eman ziolako.

Urtebete geroago antzeko beste gutun bat jaso omen zuen, ETAri laguntzeko eskatuz. Bertan, bilera bat egiteko lekua proposatzen omen zuen ETAk, Castresen (Frantzia), eta auzipetua bertara joan zen proposamenari uko egingo ziola jakinaraztera.

"Gizon batek erakundeari laguntzeko eskatu zidan, baina ez zidan atentatu batez hitz egin, eta nik uko egin nion laguntzeari. Ez dut harreman gehiago izan ETArekin", gaineratu du.

Fiskaltzaren arabera, Medinak Bilboko Larreagaburu Parketik egin behar zion tiro Patxi Lopezi, "leku ezinhobea delako atentatua mira teleskopikoarekin egiteko".

Medinak esan du lan kontuengatik egon zela parke horretan, aseguru-etxe baten teknikaria zelako, eta bertako aparkalekuan izandako lapurreta batengatik joan zela bertara.

Guardia Zibilak etxean atzeman zizkion hiru armen harira, auzipetuak azaldu du baimenarekin zituen hiru eskopeta zirela, eta mira teleskopikoa amak oparitu ziola adingabea zenean, "aire konprimituzko eskopeta txiki batentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Patxi Lopez bideoak ETA gaur Gaurko azken ordukoa