Politika -

Auzipetuak, absolbituak

'Egunkaria' auziko epaiaren 10 gako nagusiak

Egunkaria auziari buruzko epaiaren laburpena duzue ondokoa. Ebazpenak gogor kritikatzen du komunikabide baten itxiera ekarri zuen eta zazpi urte geroago absoluzioarekin amaitu den prozesu judiziala.

Gaizka Palacios

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Juan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi errugabetzat jotzen dituen epaia oso zorrotza da. Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen sekzioaren presidenteak eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado epaileek aho batez onartu zuten Egunkaria auziko epaia. Hona hemen gako nagusiak:

1. Ez dago harremanik ETArekin. Ebazpenak dio auzipetuek ez zutela deliturik egin eta ez zutela inolako loturarik ETArekin. Ildo berean, ETAri "dirurik igorri edo bideratu" ez zitzaiola zehazten du.

2. Egunkariak ez zuen "terrorismoa goraipatzen". Epaileen arabera, Egunkaria-n argitaratutako edukien bidez "ez zen mehatxurik egiten eta ez ziren ekintza terroristak edo beren egileak goresten".

3. Itxierak ez zuen babes konstituzionala. Epaiak dioenez, "setio edo salbuespen egoeratan" hedabideak ixtea ahalbidetzen du, "baina ez delinkuentzia terrorista kasuetan". Horrenbestez, Egunkaria-ren itxierak Konstituzioaren babesik ez duela nabarmentzen du.

4. Adierazpen askatasunaren urraketa. Komunikabide batean itxiera adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubidearen urraketarekin parekatzen dute, hots, Egunkaria itxita, adierazpen askatasuna urratu zela diote.

5. Irizpide okerra. Epaileek azpimarratu dute ezin daitekeela euskararekin edo euskal kulturarekin zerikusia duen oro ETArekin lotu. Ikuspegi hori "ahula eta okerra da".

6. Ondorioa frogarik gabe idatzi zuten. Indukzio prozesua "atzekoz aurrera" hasi zutela diote epaileek: "Lehendabizi ondorioa zein den erabaki zuten; ondoren zantzu eta aztarna bila hasi ziren; eta azkenik, ondorioarekin bat ez datozen azalpenak arbuiatu egin zituzten".

7. Polizia-txostenek ez dute oinarririk. Ebazpenaren arabera, Guardia Zibilak egindako ikerketa "ez zen gardena" izan; txostenak ezin dira "zentzuzkotzat jo, ez direlako perituen jakintza tekniko zientifikoetan oinarritzen"; eta azkenik, txosten horiek "espekulazioetan" oinarritzen dira.

8. Dena ez da ETA. Auzipetuei atzemandako dokumentuak froga gisa erabiltzea ere baztertzen du epaiak. Esaterako, Leitzarango autobiaren kontrako iritzia agertzen duen gutun bati buruz ondokoa dio: "Leitzarango autobiaren lehen zatiaren kontra agertu zirenak ez ziren, bistan denez, ETAkoak; ildo berean, ez dira ETAkoak euskaraz hitz egin eta idazten dutenak, euskal kultura bultzatzen dutenak edota drogen edo torturen aurka daudenak".

9. Inkomunikazio garaian "ez zen kontrolik izan". Tratu txarren eta tortura salaketen harira, auzipetuek "xehetasun ugari" eman zituztela diote epaileek, eta testigantzak medikuek egindako txostenekin bat datozela, baina ezin dutela erabakirik hartu, soilik inkomunikazio garaian "kontrol judizial nahikorik eta eraginkorrik" bermatu ez zirela onartzea.

10. Akats deigarria. Epaiak badu akats deigarri bat: Egunkaria 2003ko otsailean barik, 1998ko uztailean itxi zutela dio. Data horretan Egin egunkaria itxi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea