Politika -

Gobernu osaketa

Iglesiasek 'zail' ikusten du PSOErekin azken orduko akordioa lortzea

Podemoseko buruaren esanetan, 'koalizio handia' osatzeko presioak izango dira datozen egunetan. Halaber, hauteskundeak errepikatzekotan zerrendak mantentzearen alde agertu da.

Pablo Iglesias Podemoseko burua. Artxiboko irudia: EiTB
Pablo Iglesias Podemoseko burua. Artxiboko irudia: EiTB
Pablo Iglesias Podemoseko burua. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak gaur aitortu duenez, "zail" ikusten du PSOErekin akordioa lortzea Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen azken txanpan. Dena den, ziurtatu du alderdi moreak azken unera arte eutsiko diola koalizio aurrerakoia osatzeko eskaintzari, harik eta sozialistek beren jarrera aldatzea erabakitzen badute.

"Baina, nik ez dio inori ziria sartu nahi. Denek beren planteamenduak oso argi azaldu dituztela uste dut", adierazi du Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan. Haren esanetan, datozen egunetan "koalizio handia" -PSOE, Ciudadanos eta PP- osatzeko "presioak" izango dira.

PSOEk Podemosen eskaintzari "ezetz" esan diola nabarmendu du Iglesiasek. "Hori aldatuko balitz eta baietz esango baligute, agian azken minutuko konponbide bat egon liteke, baina ez dago ondo jendeari iruzur egitea, eta bakoitzaren jarrera oso argi gelditu dela uste dut", azpimarratu du. Ildo horretan argi utzi du PSOErekin ituna egiteko aukera bakarra sozialistek Ciudadanosekin sinatutako akordioari muzin egitea litzatekeela.

Jarrera aldaketa hori gertatuko ez balitz, PSOEk Ciudadanosekin eta PPrekin gobernu akordioa ez egitea espero du alderdi moreko buruak.

Hauteskundeak errepikatuz gero, alderdi bakoitzak hauteskunde ostean itunak norekin egin nahiko lituzkeen argitu beharko lukeela iritzi dio Pablo Iglesiasek. Podemosi dagokionez, Iglesiasek ziurtatu du PSOE barne izango lukeen koalizio aurrerakoia osatzea defendatuko lukeela balizko hauteskunde kanpainan.

Hauteskunde orokorrak errepikatzekotan, Podemoseko hauteskunde zerrendak mantentzearen alde agertu da. "Hala ere, gaia eztabaidatu egin beharko dugu", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Unidas Podemoseko buru ohia Gaurko azken orduko albistea Podemos berriak