Politika -

Krisia Katalunian

Puigdemontek uste du CUP independentziatik 'urrundu' dela

Generalitatearen presidenteak esan du ez zuela kargua onartuko CUPekin lotutako egonkortasunerako akordioa alda egin zitekeela jakinez gero.

Puigdemon Junts Pel Siren babesa jasotzen. Argazkia: Efe
Puigdemon Junts Pel Siren babesa jasotzen.
Puigdemon Junts Pel Siren babesa jasotzen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak esan du ez zuela kargua onartuko CUPekin egin zuten egonkortasunerako akordioa alda egin zitekeela jakinez gero.

Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "hasieran akordioa aldatu egingo zela ohartarazi izan balidate, ez nintzatekeen sartuko, argi dago. Ez dut uste Artur Masek proposatu ere egingo zidanik".

Aurrekontuak aurrera ateratzea lortu ez duenez abuztuaren osterako konfiantza mozioa iragarri du Puigdemontek, eta mozio horretan CUPi eta alderdi guztiei galdetuko omen die ea zer nahiago duten, "inora ez daraman autonomismo zaharkitua edo Kataluniarentzat berritzailea eta aurrerakoia izango litzatekeen proiektua".

Ibilbide orria ondo zehaztua dagoela eta ezin dela aldatu, hobetu bakarrik, azpimarratu du, eta konfiantza mozioari aurre eginez gero "orain zalantzan jartzen diren gauza asko" ezingo direla zalantzan jarri iritzi dio, tartean subiranotasun prozesuan aurrera egiteko duten "zilegitasuna".

Aurrekontuak adosteko gai izan ez dela eta, porrotak ez direla sekula % 100ean batenak izaten adierazi du, nahiz eta zehaztu "akordioa haustearen ardura CUPena" dela.

CUPen helburua independentzia ote den galdetuta, "ekintzek urrundu" egiten dutela erantzun du, eta horien boto-emaile asko harrituta daudela.

Puigdemonten esanetan, konfiantza mozioari esker, Katalunia hauteskundeetara joaten bada ez da "presidentearen edo talde politiko baten apeta taktikoa" izango, Parlamentuak erabakiko duelako.

Hauteskunde horietan presidentegai izango ote litzatekeen ere galdetu diote, eta berretsi du ez dela aurkeztuko Parlamentu eratzailea sortzeko bada, baina "ibilbide orria eten behar badugu, eta berriro eutsi eta osatu beharra dagoela irizten badiogu, normala da aurkeztu nahi izatea".

Bestalde, Mireia Boya CUPeko diputatuak ibilbide soberanistaren orrian aldebakarreko erreferenduma sartu dezala eskatu dio gaur Carles Puigdemonti, eta horrela egiten badu, CUPek konfiantza mozioan lagunduko diola ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Albisteak Pere Aragonès bideoak