Politika -

Adierazpena

Sare: 'Eusko Jaurlaritzak edukirik gabeko ke-poteak plazaratzen ditu'

Presoen eskubideen aldeko taldeak dio ez diotela eman Jaurlaritzaren proposamenaren berri: "Jarduera honek ez du zerikusirik benetako bake-prozesu batekin".

Sareren manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Sareren manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Sareren manifestazio bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare presoen eskubideen aldeko taldearen iritziz, Eusko Jaurlaritzaren Bakea eta Bizikidetza Idazkaritzak "edukirik gabeko ke-poteak plazaratzen dizkio gizarteari, presoei eurei baino gehiago"; izan ere, ostiral honetan proiektu bat iragarri zuen, xede izanik terrorismoagatik zigortutako presoen gizarteratzea arautzea.

Jonan Fernandez aipatu Idazkaritzaren arduradunak dekretu-egitasmoaren oinarriak aurkeztu zituen; horren helburua da babes arauemailea ematea presoen gizarteratze-prozesuari; horretarako, gizarteratze-programak eta laguntza-babesa bultzatuko ditu.

Sarek agiri batean esan duenez, azken hilabeteetan hainbat proposamen eta adierazpen izan dira, idazkaritza horretatik; horietan, ideia-laborategia balitz bezala, zenbait proposamen botatzen dituzte, ETAko presoen kolektiboaren egoerari buruzkoak.

Ez diote proposamenaren berri eman Sareri

Sarek salatu du ez diotela egitasmo honen berri eman, eta kritikatu ere kritikatu du nola legezko eta banakako birgizarteratze-prozesuak plazaratzen diren, kontuan hartu gabe zer adierazi izan duten, behin eta berriz, presoen kolektibotik.

Gainera, esan du proposamenak ez duela kontuan hartzen nola Eusko Jaurlaritzak ez duen eskumenik arlo honetan.

Sareren iritziz, egitasmo honek ez du zerikusirik benetako bake-prozesu batekin; horretan, Euskadin bizitako biolentziak gaindituta geratu beharko lirateke.

Ohartarazi dutenez, "nekez gaindituko da egoera", baldin eta "Bakea eta Bizikidetza izena duen Idazkaritzak bizkarra ematen badio euskal gizarteari"; izan ere, "euskal gizarteak nahi du, gatazkari irtenbidea topatzeko, behingoz presoen eskubideak errespetatzea".

"Espetxe-politikak ez du bat egiten barneko legeekin ez eta Europako jurisprudentziarekin"

Sareren esanetan, kezkagarria da idazkariari esan behar izatea Gobernuaren espetxe-politikak ez duela bat egiten "barneko legeekin ez eta Europako jurisprudentziarekin, dispertsio-politikari dagokionez"; halaber, ez du bat egiten EBko gainerako herrialdeetan betetako zigorrak zenbatzeko erabiltzen duten sistemarekin, eta gainera ez du kontuan hartzen preso batzuk larri gaixo egotea.

Taldeak gogorarazi du Idazkaritzak gutuna bidali ziela duela gutxi ETAko presoei, xede izanik esatea zein urrats eman behar duten askatasunera aurreratzeko; "baina idazkian esaten ez zutena da orain arte emandako banakako urratsak Espainiako Gobernuak errefusatu dituela".

Erakunde honen iritziz, prozesuak aspaldi behar zuen irtenbidea, baina horretarako ez du laguntzen probak beti gatazkako alde bati kargatzeak, eta Espainiako Gobernuaren immobilismoa gutxi gaitzesteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAE Presoak argazkiak Albisteak