Politika -

Larunbaterako deitu dute

Amnistiaren aldeko martxa bertan behera uztea eskatu du Urquijok

Manifestazioa larunbaterako dago deituta, Bilbon. Espainiako Gobernuaren ordezkariaren esanetan, baina, "iraingarria da" eta "ezin da onartu".

Carlos Urquijo, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Carlos Urquijo, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Carlos Urquijo, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eskaria egin dio Auzitegi Nazionalaren fiskal nagusiari bertan behera uzteko larunbaterako Bilbon deituta dagoen amnistiaren aldeko manifestazioa. ATA (Amnistia Ta Askatasuna) amnistiaren aldeko mugimenduak deitu du, hilaren 27rako, hau da, Bizkaiko hiriburuko jaietako bigarren larunbaterako. Urquijoren iritziz, "iraingarria da" terrorismoaren biktimentzat, eta, hortaz, "ezin da onartu".

Gobernuaren Ordezkaritzak ohar batean nabarmendu duenez, beste eskaera bat ere egin dute, abuztuaren 26rako deituta dagoen martxaren gainean; "banda terroristaren presoentzako amnistia eskatzen da", eta ETAko zenbait preso ohik eta iheslarik deitu dute, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Irailaren 26ko manifestazioari dagokionez, Fiskaltzak haren berri eman dio Auzitegi Nazionaleko Guardiako Epaitegi Zentralari, zigor-prozedura ireki dezan.

Urquijoren iritziz, "ez da onargarria, ez jaietan ez jaiak ez direnean ere, terrorismoaren biktimen duintasunak iraina pairatzea; gainera, iraindu nahi dutenek preso politikotzat jotzen dituzte oraindik banda terrorista bateko kideak".

"Biktimen duintasunaren defentsan"

Gobernuaren ordezkariak gogorarazi duenez, EAEko Legeak, Estatu mailakoak bezala, jasotzen du "botere publikoek terrorismoaren biktimen duintasunaren defentsa" euren gain hartzen dutela, eta, ondorioz, beharrezko neurriak hartu behar dituztela saihesteko "biktimentzako iraingarriak diren edo haientzako mespretxua sortu ahal duten ekitaldiak, baita terrorismoa edo terroristak goraipatzen dituzten ekitaldiak ere".

Hori dela eta, Bilboko Udalari eskatu dio ez uzteko txosnagunea erabil dezatela, berriz, "horrelako ekitaldiak sustatzen dituztenen bozgorailu bezala; izan ere, ekitaldi horien gaineko pintadak eta kartelak egoten dira".

Carlos Urquijoren iritziz, argudio eta aurrekari ugari daude baieztatzeko manifestazio hau ez dela adierazpen-askatasunaren gauzatze bat; izan ere, bereziki, 850 hilketa baino gehiago eragin dituzten arduradunei babesa emateko ekitaldia da; hori ezin dugu ahaztu, eta behar legala eta morala dugu galarazteko".

Kaleak, demokratentzat eta askatasunaren defendatzaileentzat

Urquijoren esanetan, kaleak, "norbaitentzat badira, demokratentzat eta askatasunaren defendatzaileentzat dira; baina ez dira defendatzen dituzten horien ekintza terroristak publikoki txalotzen dituztenentzat".

Espainiako Gobernuaren ordezkariaren arabera, "Bilbok merezi ditu harro egoteko moduko jaiak, eta bertako kaleak ez izatea ekintza terroristak egin zituztenak goraipatzeko lekua. Abuztuaren 27ko manifestazioan, horiek omendu nahi dituzte, hain zuzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilbo Gaurko albisteak Bizkaia EAE Espainiako Gobernua Espainia bideoak Presoak bideoak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak