Politika -

Grabazioak argitzeko

Fernandez Diaz ministroa ikertzeko batzorde bat sortzea onartu dute

Kongresuan agerraldia egin beharko balu, "oso gustura" joango litzatekeela esan du Fernandez Diaz jardunean dagoen Barne ministroak.

Fernandez Diaz, jardunean dagoen Barne ministroa. Argazkia: EFE
Fernandez Diaz, jardunean dagoen Barne ministroa. Argazkia: EFE
Fernandez Diaz, jardunean dagoen Barne ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainian jardunean dagoen Barne ministroak bere esku dituen baliabideak bere alderdiaren mesederako erabili ote zuen ikertzeko Batzorde Iraunkorra sortuko dutela erabaki du gaur, asteartea, Kongresuak. Izan ere, duela bi urte egindako entzuketetan grabatutakoaren arabera, ERCko eta CDCko hainbat politikariren aurka eskandaluak eraikitzeari buruz hitz egin zuen Fernandez Diazek.

Proposamen hori 206 diputaturen babesarekin (PSOE, Unidos Podemos, Ciudadanos, ERC, CDC eta EAJ) onartu du Kongresuak. Alderdi Popularreko diputatuek kontra bozkatu dute, eta Coalicion Canariako ordezkariak abstenitu egin dira.

Fernandez Diazen eta Daniel de Alfonso Kataluniako Ustelkeriaren aurkako Bulegoko buruaren arteko elkarrizketak ikertzeaz gain, Espainiako Segurtasun Indar eta Kidegoen baliabideak bere alderdiaren mesederako erabili ote ziren ikertuko du batzordeak. Proposamen hori aurkeztu duten alderdien arabera, PPren eskandaluak estaltzeko eta alderdi politiko jakin batzuen kontra juridikoki egiteko asmoz, Barne Ministerioak txosten faltsuak zabaldu zituen hedabideetan.

Dena den, oraindik ez dago jakiterik ikerketa horrek aurrera egiterik izango ote duen. Gorteak desegingo balira edo hauteskunde orokorrak hirugarrenez deituko balira, legegintzaldia bukatutzat emango litzateke, eta Kongresuaren Batzorde Iraunkorrak egindako ikerketak ez luke ezertarako balio izango, batzordea bera ere desegingo litzatekeelako.

Alabaina, legealdiak aurrera jarraituko balu eta Gobernu berria eratuko balitz, Fernandez Diaz ministroa Kongresuan agerraldia egitera behartuta egongo litzateke. Alde horretatik, “oso gustura” joango litzatekeela esan du jardunean dagoen ministroak.

Uztailean, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak esan zuen ez dagoela zantzu nahikorik Jorge Fernandez Diaz ikertzeko, Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko buruzagi ohiarekin izan zituen ezkutuko elkarrizketen harira.

2014an, Barne ministroaren bulegoan izandako elkarrizketa batean, Jorge Fernandez Diazek eta Daniel de Alfonsok Kataluniako alderdi independentistetako buruzagiak ikertzeko aukeraz hitz egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Auzitegi Gorena albisteak Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa Gaurko azken ordukoa