Politika -

Gürtel sarearen auzia

PPko zenbait politikariri ordainketak egin izana aitortu du Correak

Horrez gain, Barcenasi adjudikazioengatik % 3a eman izana ere aitortu du. Ordainketak berak pertsonalki egiten zituen. "Genova nire etxea zen",  esan du.

Leporatu dizkioten delituak onartu ditu Correak epaiketaren hasieran. Argazkia: EFE
Leporatu dizkioten delituak onartu ditu Correak epaiketaren hasieran. Argazkia: EFE
Correak komisioak kobratu zituela aitortu du

1:44

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Correa Gürtel sareko ustezko buruak epaile aurrean aitortu zuen PPko zenbait kide ohiri dirua eta opariak ematen zizkiela adjudikazioen truke, eta Luis Barcenas PPko diruzain ohiari % 2 eta % 3 arteko ordainketa egiten ziola ministerioetan lanak lortzeko.

Gürtel auziko bosgarren saioan deklaratu zuen atzo, osteguna, Correak, akusatu gisa, eta saioaren hasieran onartu egin zituen Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak egotzi dizkion delituak. Gürtel auzia dela eta Auzitegi Nazionalean egiten ari diren makroepaiketara agiriz betetako karpeta batek lagunduta heldu da eta leporatu dizkioten delituak egin izana onartu zituen, baina, erantsi duenez, "gauza batzuk argitzen" saiatuko da "errealitatearekin bat egiten ez dutelako".

Hala, zenbait politikari eta PPren kideri eskupekoak ordaindu izana aitortu zuen, besteak beste, Luis Barcenas diruzain ohiari, Alberto Lopez Viejo eta Carlos Clemente Aguado aholkulari ohiei, Luis Merino diputatu ohiari eta Jesus Sepulveda (Ana Mato ministro ohiaren senarra zena) eta Guillermo Ortega zinegotzi ohiei.

Ondoren, Barcenasekiko harremanari ekin dio. Bertan azaldu zuenez, diruzain ohiaren lana zen errepideak, autobideak, trenbide lanak edo ingurumen arloko lanen adjudikazioak lortzea. Ondoren, lan horietatik etekina ateratzen zuten enpresariengandik lortutako dirua Genova kaleko egoitzara edo bere etxera eramaten zizkion. Barcenasek banatzen zituen adjudikazio horretan parte hartu izan zutenen artean, Correak esan zuenez. Izen zehatzik, baina, ez zuen aipatu.

"Ez dakit zenbateko diru kopuru zehatza eraman dudan urte hauetan Alderdi Popularrera lanen kudeaketa dela eta" baliteke mila izatea, edo gehiago edo gutxiago".

Gürtel sareko ustezko buruzagiak adierazi zuen berak eramaten ematen ziela pertsonalki dirua politikariei". "Haiekin hitzordua adosten nuen eta gutun-azala ematen nien", esan zuen.

Sei orduz egon da deklaratzen Correa, eta argi utzi nahi izan zuen politikariekin harreman zuzena zuen bakarra bera zela. Hala, kanpoan utzi nahi izan zituen Pablo Crespo, Jose Luis Izquierdo eta Álvaro Perez Alonso, "El Bigotes".

Gainera, Correak azaldu zuen Luis Barcenas PPren diruzain ohiak sartu zuela alderdiaren giroan, baina, zehaztu zuenez, ez zuten enpresa sarea sortu alderdiarekin "delituak egiteko" helburuarekin.

"Kontatu nahi dut garrantzitsua delako historia ezagutzea, eta ez zela sortu PPrekin delituak egiteko", nabarmendu du. Lagun batek aurkeztu zion Barcenas -esan zuen- eta, askotan saiatu eta gero, PPri egiteko lan bat lortu zuen eta, horrela, hasi zen alderdiarekin izan duen lan-harremana.

Halaber, Gürtelen ordezkari nagusiak onartu egin zuen Jesus Sepulveda Pozueloko zinegotzi ohi eta Ana Mato Osasun ministro ohiaren senarra "arretaz" zaindu zuela. Besteak beste, auto bat erosi zion, eta bidaiak eta urtebetetze jaiak ordaindu zizkion hari eta haren familiari.

"PPrekin egindako negozioak areto honetan azalduko ditut", "Espainia osoak jakin dezan", esan zuen Correak. Ondoren, PPren kideei emandako hobariak, "auzitegietan esaten den bezala", justifikatu zituen, eta esan zuen jokamolde ohikoa dela enpresa pribatuan.

Rajoyren garaia

Halaber, adierazi zuen Mariano Rajoy PPren presidentziara iritsi zenean berak alderdiarekin maila nazionalean zuen harremana eten egin zela eta bere jarduna Valentziara eraman zuela. 2004 eta 2005 artean izan zen Genovarekiko aldentze prozesu hori eta, horren arrazoia izan zen Crespok ez zuela harreman onik Rajoyrekin.

125 urteko kartzela-zigorra eskatu dute Correrarentzat. Fiskaltzak 1999 eta 2009 urte bitartean "diru publikoaren bidez aberasteko asmoz enpresa eta pertsona sare bat" sortzea eta, horretarako, politikarien laguntza izatea, egotzi dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Barcenas auzia Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Delituak azken ordukoa Epaiketak bideoak Alderdi politikoak bideoak