Politika -

Katalunia

Badalonako alkateak Udalaren burujabetza defendatu du

Guanyem Badalonako alkateak eta JxSi, En Comu Podem eta CUP alderdietako kideak urriaren 12an Udala zabaltzeagatik ikerketapean dauden sei zinegotziri babesa ematera joan dira epaitegi atarira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dolors Sabater (Guanyem Badalona) Badalonako alkateak eta Junts pel Si, En Comu Podem eta CUPeko hainbat kidek Udalaren burujabetza defendatu dute gaur, urriaren 12an Udalaren ateak zabaltzeagatik ikerketapean dauden sei zinegotziri babesa ematera epaitegira joan direnean.

Urriaren 12an Udalera lanera joan eta herritarrei galdera eta eskaerei erantzuteagatik ikerketapean dauden sei zinegotzietatik hiruk gaur deklaratuko dute epailearen aurrean eta beste hiruren txanda, berriz, bihar izango da. Bartzelonako epaitegi batek debekatu arren, erabakia baztertu eta urriaren 12an irekitzea erabaki zuen Badalonako Udalak.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Dolors Sabaterrek adierazi du hainbat zinegotzik urriaren 12an lanera joateko hartutako erabakia Udalak duen burujabetzaren berrespena baino ez dela. Gainera, demokraziari eraso egiteko politikak eta justiziak bat egin izana salatu du.

Bestalde, Badalona bere helburuak lortzeko erabiltzea egotzi dio Sabaterrek Xavier Garcia Albiol alkate ohi eta Badalonako talde 'popularraren' presidenteari. Garcia Albiolek salaketa aurkeztu zuen eta, gerora, auzibide penala ireki dute epaitegietan.

Bestalde, Jordi Sanchez Kataluniako Biltzar Nazionaleko (ANC) presidenteak Badalonako elkarbizitzari trabak jartzen saiatzea egotzi dio Garcia Albioli. Gainera, Badalonako Udalak urriaren 12a "nahi zuen moduan kudeatzeko" eskubidea zuela aldarrikatu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak