Politika -

Katalunia

Jendetza batu da auzitegiaren atarian, Forcadelli babesa emateko

Carles Puigdemont, Artur Mas, Gobernuko kontseilariak eta Junts pel Sí, Catalunya Sí que es Pot eta CUP alderdietako ordezkariak izan ditu lagun Parlamentutik Justizia Auzitegi Nagusirako bidean.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE
Forcadellek babes handia jaso du, deklaratzera iristean

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, Generalitateko hainbat kontseilarik, Artur Mas Kataluniako presidente ohiak eta JxSí, SíQueEsPot eta CUP taldeetako ordezkariek babesa eskaini diote Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari, gaur Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean deklaratu aurretik. Prebarikazioa eta desobedientzia leporatzen diote Forcadelli, Auzitegi Konstituzionalaren debekuari entzungor egin eta Parlamentuan independentziaren bide orriari buruzko eztabaida eta bozketa egitea baimendu zuelako.

Forcadell goizeko zortziak jo baino pixka bat lehenago iritsi da Kataluniako Parlamentura, eta Carles Puigdemontekin, Generalitateko hainbat kontseilarirekin eta Artur Masekin elkartu da bere bulegoan. Jordi Jane Barne kontseilaria eta Carles Mundo Justizia kontseilaria izan dira Parlamentura joan ez diren kontseilari bakarrak.

Generalitateko kideez gain, Junts pel Sí talde parlamentarioko diputatu guztiak, Lluis Rabell Catalunya Sí Que Es Pot taldeak Parlamentuan duen bozeramailea, CUPeko Eulalia Reguant, Joan Garriga 'Nana', Mireia Boya eta Sergi Saladie diputatuak eta Juan Rigol eta Ernest Benach Parlamentuko presidente ohiak ere izan dira Forcadelli babesa eskaini diotenen artean.

Carme Forcadellek bertaratutakoen txaloak eta besarkadak jaso ditu, eta Parlamentuan duen bulegotik irtendakoan, guztiek batera argazki bat atera dute Parlamentuko eskaileretan.

Ondoren, alkate, zinegotzi, diputatu, senatari eta erakunde soberanistetako kideez osatutako segizioarekin bat egin dute Parlamentuko atarian, eta denek batera egin dute Parlamentutik Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusirako bidea.

Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzara heldu baino lehen, Generalitateko presidentea segiziotik atera da; izan ere, Generalitateak aurrez jakinarazi zuen Puigdemont ez zela auzitegiaren atarira agertuko.

"Atzerapauso bakar bat ere ez", "Zuekin gaude" eta "Demokraziaren defentsan" zioten pankarten artean egin du segizioak bidea, eta bertaratutako herritarren babesa jaso du Forcadellek.

Auzitegira iritsitakoan, bertaratutakoak agurtu ditu eta 09:15 aldera sartu da barrura. Forcadell 09:30 jo baino lehen hasi da epailearen aurrean deklaratzen eta 10:00ak aldera amaitu du.

Deklarazioa amaitutakoan, Justizia Auzitegi Nagusitik Parlamenturako bidea egin du, eta adierazpen instituzionala egin du bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès