Politika -

Podemos

Carolina Bescansak Podemosen zuzendaritza utzi du

Pablo Iglesiasen eta Iñigo Errejonen arteko desadostasunak ezinezkoa egin du proiektu bakarra aurkeztea, eta bakoitzak bere proiektua defendatuko du otsailean.

Carolina Bescansa eta Nacho Alvarez, Pablo Iglesiasekin. Artxiboko argazkia: EFE
Carolina Bescansa eta Nacho Alvarez, Pablo Iglesiasekin. Artxiboko argazkia: EFE
Carolina Bescansa eta Nacho Alvarez, Pablo Iglesiasekin. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carolina Bescansa Podemoseko hirugarren buruzagiak eta Nacho Alvarez Ekonomia arduradunak Podemosen zuzendaritza uzteko erabakia hartu dutela jakinarazi dute.

Sare sozialen bidez zabaldu duten gutunean, Pablo Iglesiasek eta Iñigo Errejonek izan duten jarrera gogor kritikatu dute, "elkarrizketarako eta akordiorako borondateari bizkarra emanez ari direlako".

Hortaz, alderdiaren zuzendaritza lehiatzeko aurkeztuko diren zerrendetako bakar batekin ere ezin dutela bat egin nabarmendu dute.

Agiri horretan azpimarratu dute "ohore bat" izan dela Podemoseko zuzendaritzako partaide izan izana, "baina une honetan beste toki batetik lagungarriagoak izango garelakoan gaude, Podemosek otsailaren 13tik aurrera izango dituen erronkei baldintzarik onenetan aurre egiteko asmoz".

"Ez diogu gure erantzukizunari uko egiten. Baina uste dugu Podemosen sorrera eragin zuten eztabaida politiko handiak berreskuratzen lagundu behar dugula orain eta horretarako atzera pausu bat eman behar dugu", azaldu dute.

Pablo Iglesiasek eta Iñigo Errejonek izan duten liskarrak "zarata handia" sorrarazi duela eta horrek alderdiaren baitan proiektu politikoak lasaitasunez eztabaidatzea galarazi duela kritikatu dute.

"Duela hilabete, konfrontazioari irtenbidea eman nahian, gutxiengo akordio batera heltzea proposatu genuen, proiektu politikoak eta antolakuntzari buruzko proposamenak eztabaidatu ahal izateko", gogoratu dute.

"Alabaina, gaur aitortu behar dugu ez dugula gure helburuetako bat bera ere bete", erantsi dute.

"Erabaki zail hau itxaropenarekin hartu dugu, Podemos zaintzea beste edozein helbururen gainetik dagoelako", zehaztu dute.

Akordio falta Iglesias eta Errejonen artean

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak eta Iñigo Errejon alderdiko idazkari politikoak ez dute akordiorik lortu eta bakoitzak bere proiektua defendatuko du otsailean.

Bien arteko desadostasun politikoek ezinezkoa egin dute proiektu bera aurkeztea, eta azken hamar egunotan sortu diren desadostasunen ondorioz bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du.

Egunetik egunera Iglesiasen eta Errejonen arteko desadostasunak areagotu besterik ez dira egin. Dena dela, akordioa bilatzeko harremanetan jarraitu dute azkeneko unera arte.

Errejonen aldeko alderdikideek akordioa bilatzeko borondate falta leporatu diote Iglesiasi. Bestalde, Iglesiasi babesa ematen dietenek botereari garrantzia handiegia ematen diola leporatu diote Errejoni.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi politikoak Albisteak Podemos albisteak