Politika -

Ekitaldia

Lagunek eta familiartekoek Lopez de Lacalle omendu dute Andoainen

'Nik ez dut inork barkamena eskatzerik nahi, baina uste dut ETAk herri honi eta hainbeste mindu duen jendeari barkamena eskatzea zor diola', esan du zutabegilearen alargunak.

Jose Luis Lopez de Lacalle omendu dute Andoainen. EiTB
Jose Luis Lopez de Lacalle omendu dute Andoainen. EiTB
Jose Luis Lopez de Lacalle omendu dute Andoainen. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Lopez de Lacalle ETAk orain dela 17 urte hildako El Mundo egunkariko zutabegilea omendu dute lagunek eta familiak gaur Andoainen (Gipuzkoa). Mari Paz Artolazabal alargunak ETAk "hainbeste min eman dion jendeari barkamena eskatu behar diola" aldarrikatu du.

Andoaingo talde sozialistak antolatutako ekitaldia eguerdian egin dute Jose Luis Lopez de Lacalleren izena daraman parkean. Alargunaz eta Aitziber alabaz gain, beste hainbat familiartekok ere hartu dute parte. Alargunak eskerrak eman dizkie ekitaldian izan diren guztiei.

"Nik ez dut inork barkamena eskatzerik nahi, baina uste dut ETAk herri honi eta hainbeste mindu duen jendeari barkamena eskatzea zor diola", esan du Mari Paz Artolazabal zutabegilearen alargunak, senarraren ohorez egindako monolitoaren aurrean.

Halaber, Maider Lainez Andoaingo sozialisten bozeramaileak ere hitz egin du, "justiziarik, memoriarik, erreparaziorik eta egiarik gabe" etorkizuna ezin dela eraiki esateko.

"Guk ez dugu ahazten", adierazi du Lainezek, Lopez de Lacalle "bere ideiak defendatzeagatik eta pentsalari askea izateagatik" hil zutela azpimarratzeaz gain.

Besteak beste, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, eta Estanis Amutxastegi eta Jose Antonio Gabarain Andoaingo alkate sozialista ohiak izan dira. Horiez gain, Maixabel Lasak ere hartu du parte, Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil izandakoaren alargunak. 2000. urtean hil zuen ETAk Jauregi.

Lore-eskaintzaren ostean, minutu bateko isilunea egin dute Lopez de Lacalle gogoratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko azken ordukoa