Politika -

Espetxe politika

EAJk eta PPk ukatu egin dute presoak hurbiltzeko negoziatzen ari direla

Cadena Ser irratiaren arabera, presoak Euskal Herritik gehienez 250 kilometrora dauden kartzeletara eramateko akordioa lortzear daude EAJ eta PP.

Aitor Esteban eta Mariano Rajoy Kongresuan, elkarri agurtzen. Artxiboko argazkia: EFE
Aitor Esteban eta Mariano Rajoy Kongresuan, elkarri agurtzen. Artxiboko argazkia: EFE
PPk eta EAJk ukatu egin dituzte presoen hubilketari buruzko negoziazioak

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak ukatu egin dute euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko akordio bat lortu dutela edota gai horren harira negoziatzen ari direla.

Cadena Ser irratiaren arabera, presoak Euskal Herritik gehienez 250 kilometrora dauden kartzeletara eramateko akordioa lortzear daude EAJ eta PP.

Aitor Estebanek azpimarratu du ez dutela inolako akordiorik PPrekin edo Espainiako Gobernuarekin. Areago, Estatuko aurrekontuak negoziatzeko izan dituzten elkarrizketetan presoen gaia jorratu ez dutela  erantsi du.

Nolanahi ere, Estebanek adierazi du "espetxe politika aztertu" egin behar dela eta "noizbehinka" horren beharra gogorazten diotela Espainiako Gobernuari.

Amaitzeko, gogora ekarri du euskal presoak Euskal Herritik 250 kilometrora dauden kartzeletara hurbiltzeko proposamena EAJk berak egin zuela "aspaldi". "Ez dakidana da zergatik atera den hau orain", gaineratu du.

PP: 'Ez da egia'

Alderdi Popularrak gezurtatu egin du Cadena Ser irratiak emandako informazioa. PPren eta EAJren arten nahiz Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean presoei buruzko elkarrizketari ez dagoela ziurtatu dute.

Rafael Hernando Kongresuko bozeramaileak ondokoa adierazi du: "Ez da egia, ez dago horrelako ezer eta une honetan ez dago inolako asmorik horrelako elkarrizketetarako".

Juan Ignacio Zoido Barne ministroak ere hitz egin du gai honi buruz eta nabarmendu du Espainiako Gobernuak "zorrotz" beteko duela legea euskal presoen aferan.

Twitter sare soziala erabili du espainiar ministroak mezua emateko, aurrez Daniel Portero Dignidad y Justicia taldeko presidenteak botatako txio bati erantzunez. "Ez dago inongo negoziaziorik, Daniel Portero, legea zorrotz betetzea baino ez dugu aurreikusi, biktimei zor diegun errespetu eta zorroztasunagatik", esan du Zoidok.

Cadena Ser irrati kateak gaur kaleratutako informazioa gezurtatzeko eskatu dio Porterok Ministerioari, eta "biktimok ez dugu gehiegikeria hori onartuko", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Albisteak Alderdi Popularra Presoak Gaurko azken ordukoa