Politika -

HERIOTZA

Kepa del Hoyo preso galdakaoztarra hil da Badajozeko espetxean

'Kirola egiten ari zela, bihotzekoak jota zendu da', adierazi du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Sortuk, aldiz, 'salbuespenezko espetxe politika'ri egotzi dio heriotza.

Kepa del Hoyo. Argazkia: EiTB
Kepa del Hoyo. Argazkia: EiTB
Kepa del Hoyo. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kepa del Hoyo 46 urteko preso galdakaoztarra hil da Badajozeko espetxean, bihotzekoak jota. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ohar bidez esan duenez, "kirola egiten ari zela, bihotzekoak jota zendu da".

Del Hoyo 1998an atxilotu zuten, ETAko kide izatea leporatuta. 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, 1997an Daniel Villar Enciso polizia nazionalaren hilketan laguntzeagatik. Guztira 30 urteko espetxe-zigorra ari zen betetzen.

Sortu: "Salbuespenezko espetxe politika"

Sortuk agerraldia egin du arratsaldean, Donostian, eta Arkaitz Rodriguez bozeramaileak "salbuespenezko espetxe politika"ri egotzi dio Del Hoyoren heriotza.

Rodriguezek adierazi duenez, 30 urteko espetxealditik 20 urte beteta zituen, eta, horrenbestez, "espainiar legedia aplikatuta kalean behar luke". "Gerra estrategia baten baitako salbuespen legediak mantentzen zuen Kepa espetxean", gaineratu du.

Espetxean igarotako 20 urte horiek "dispertsatuta eta isolatuta" eman zituela zehaztu du Sortuko kideak, eta egoera horrek "ondorio jakinak" dituela adierazi du: "estresa" eta "ezinegona".

Rodriguezen aburuz, Espainiako Estatuak "gerra estrategia" darabil, eta horren aurrean ezker abertzaleak "bake eta askatasunaren bidea urratzen jarraitzeko" asmoa duela nabarmendu du.

Sortuk elkarretaratzeak egitera deitu du herri guztietan bihar arratsaldeko 19:00etarako.

Aralar: "Ez zuen inoiz gertatu behar"

Bere aldetik, Aralar alderdiak larritzat jo du gertatutakoa, eta "inoiz gertatu behar ez zuen" gertakaria dela erantsi du.

Aralarrek, ohar baten bidez, elkartasuna adierazi die hildako presoaren senide eta lagunei, eta iritzi dio ezinbestekoa dela "Espainiar estatuak indarrean duen salbuespeneko legedia bertan behera uztea".

Oharrean jasotzen denez, "lehentasuna izan behar da bakea eraikitzen jarraitzea, eta horretarako behar beharrezkoa da giza eskubide guztien defentsa irmoa egitea, demokrazia oinarri hartuta eta gatazkaren ondorioak gainditzea jomuga izanda".

Hartara, ezinbestekotzat jo du preso guztiak etxeratzea eta preso gaixoak "berandu baino lehen" askatzea. "Bakeak eta demokraziak preso politikorik gabeko gizartea behar duelako", erantsi du.

Otegi: "Ez da heriotza natural bat izan"

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak adierazi duenez, gaur "abertzale bat hil da, hil dute, bere etxetik 750 kilometrora , Espainiako espetxe batean".

Otegik hedabideen aurrean Elgoibarren egin dituen adierazpenetan esan duenaren arabera, "ez da heriotza natural bat izan"; izan ere, bere aburuz, gertatutakoa "urteetako isolamendu, jipoi, borrokaldi eta gose greben" ondorioa da.

Otegiren esanetan, "gaurko eguna kritika politiko zorrotzak egiteko eguna da, eta bihotzarekin hitz egiteko buruarekin baino, baina EH Bilduren ikuspuntutik buruarekin ere hitz egin behar dela uste dugu". Zentzu horretan, lehendabizi familiari doluminak adierazi dizkie Otegik.

Ondoren, gaineratu du garaia dela "indar politiko, sindikal eta herritarrak ibilbide orri bat adosteko euskal preso politiko guztiak kalean egon daitezen euskal errepublika eraikiz". Alabaina, PP adostasun horretatik kanpo utzi du, "bera baita, besteak beste, gertatu denaren erantzule nagusia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao argazkiak Presoak bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak