Politika -

2018ko aurrekontuak

EAJk ez ditu aurrekontuak negoziatuko Kataluniaren egoera politikoa normalizatu arte

Estatuko Aurrekontu Orokorrek EAJren laguntza izateko "Euskadiren interesak" defendatu behar dituztela esan du Itxaso Atutxak.

Itxaso Atutxa jeltzalea, gaur goizean, Radio Euskadiko Boulevard saioan. Argazkia: EiTB.
Itxaso Atutxa jeltzalea, gaur goizean, Radio Euskadiko Boulevard saioaren mikrofonoen aurrean.
Atutxa: 'Lasaitasun handiagoa behar da, Aurrekontuak negoziatzeko'

1:02

Radio Euskadi | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentearen hitzetan, "baretasun politikoa" falta da Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua negoziatzeko, eta ildo horretan, "Kataluniako egoera" erabatekoa izan dela gaineratu du.

Izan ere, Kataluniako "egoera politikoaren normalizazioa urrun" dagoela gogoratu du Atutxak, alde batetik, Carles Puigdemont Bruselan baitago, eta bestetik, Kataluniako hainbat ordezkari oraindik kartzelan daudelako.

Bestalde, Estatuko aurrekontuek EAJren laguntza izateko "Euskadiren interesak" defendatu behar dituztela esan du Atutxak astearte honetan, Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan.

Katalunia eta 155. artikulua

Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren harira, Atutxak esan du "legitimitatez aplikatu" zela, eta aurrekaria ezarri duela, "beste lurralderen batean aplikatua izan daitekeelako eta hori etorkizunerako mehatxu argia baita".

"Abenduaren 21eko hauteskundeen ostean Kataluniako egoera irauli egingo zela pentsatzen zuen norbait badago, ez ditu katalanak entzun edo errealitatetik kanpo dago", esan du Atutxak.

Ildo horretan, hauteskundeen datuak aztertuta, "egia da independentistak ez dutela % 50 bereganatzen, baina Kataluniako borondatea argia da, eta herritarren ia % 50 independentziaren alde daude eta hor jarraituko dute".

Politika egitearen garai dela aitortu du, eta egoera konpontzeko "elkarrizketa" bide bakarra dela argitu du. Horrela, negoziatzeko borondatea eskatu die alde biei; eta Gobernuari, 155. artikulua ez den beste zerbait ere.

Autogobernu lantaldea

Erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida egiteko Autogobernu Lantaldearen bileren egoera ona azpimarratu du Atutxak, eta ildo horretan, EAJren jarrera defendatu du, alderdia ez baitago horren inguruko eztabaida bi mahia ezberdinetan zatitzearen alde. "Eztabaidatzen ari garenaz oso urrun ikusten dudan alderdi bakarra PP da ", esan du.

Horren harira, lehen hiruhilekoan autogobernuaren oinarri berriak adostea espero duela esan du, adituek testu artikulatua izan dezaten eta 2018. urtea bukatu aurretik Legebiltzarrean lege edo lege proposamen moduan aurkeztu ahal izateko.

Azkenik, laster hasiko den Alfredo de Miguelen auziko epaiketaren harira galdetuta, "bidegabe" luzatu egin dela salatu du, batez ere, "EAJ erasotzeko asmo argia" izan dutenen artean.

Ildo berean, epaiketa hori ikuskizun mediatikoa bihurtu ez dadila espero du, "argi gelditu baita aske eta kargurik gabe geldituko diren lagun asko daudela", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Alderdi Popularra Espainiako Gobernua Ekonomia Estatuko Aurrekontu Orokorrak 2024