Politika -

BAKEA EUSKAL HERRIAN

Foro Sozialak ulertzen du Arbolaren Egia eskulturak 'birbiktimazioa' eragitea

Halaber, penaz hartu du zenbaitek Baionako eskultura elkarbizitzarako elementu gisa ez ulertzea. Gainera, ETAren desagerpena datozen asteetan gertatuko dela gaineratu du.

Eneko Calle, Agus Hernan eta Juanjo Espina. Argazkia: @ForoSoziala
Eneko Calle, Agus Hernan eta Juanjo Espina. Argazkia: @ForoSoziala
Foro Sozialak dio biktimei erreparazioa bermatu behar zaiela

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Baionan inauguratu zuten "Arbolaren Egia" eskulturak zeresana ematen jarraitzen du. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak gaur onartu duenez, ulertzen du biktima batzuentzat "birbiktimazioa" izan daitekeela, nahiz eta egilearen helburua "elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ekarpena" egitea izan.

"DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa, Bergizarteratzea) euskal kasuan: Bideragarritasuna eta aukera" jardunaldia aurkezteko Bilbon egin den prentsaurrekoan, eztabaida piztu duen eskultura hori izan da hizpideetako bat. Agus Hernanek azpimarratu duenez, Baionako Udaleko "gehiengo transbertsalak" hartu zuen erabakia.

Eskulturari dagokionez biktima elkarte batzuek izandako jarrera ulertzen duela ziurtatu du Agus Hernanek, biktima batzuentzat "birbiktimazioa" izan daitekeela iritzita.

Halaber, egilearen sormen askatasuna defendatu du. Ildo horretan gaineratu duenez, Koldobika Jauregi sortzaileak "argi eta garbi utzi du" ekarpena egin nahi ziola "elkarbizitzari eta bakeari", baina zenbait sektorek ez dute horrela ulertu eta atsekabetuta gaude.

Bestalde, Foro Sozialak ziurtatu du ETAk bere desagerpena hurrengo asteotan iragarriko duela eta ondoren presoen gizarteratzeari heldu beharko zaiola.

DDR estandarrei buruzko jardunaldia apirilaren 11n Donostian

Foro Sozial Iraunkorrak "DDRa (Desarmea, Desmobilizazioa, Bergizarteratzea) euskal kasuan: Bideragarritasuna eta aukera" jardunaldia antolatu du datorren apirilaren 11rako Donostian.

Ohar bidez Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi duenez, Nazio Batuen erakundearen DDR protokoloaren alde egiten du. Bestalde, Paz con Dignidad erakundearekin batera antolatu duen foroan parte hartzeko deia egin du.

Azaldu duenez, aipaturiko topaketa Donostiako Carlos Santamaria Zentroko (EHU) Antonio Beristain Auditorioan egingo da, eta beste bake prozesu batzuetan (Kolonbia, Filipinak, Ipar Irlanda edota Kongoko Errepublika Demokratikoan, kasu) ikasitakoa gerturatzea da helburua.

Foroa 16:30ean hasiko da "DDRa gatazken konponbiderako tresna gisa" izenburupean. Aaro Suonio Ipar Irlandako Desarmearen Batzordeko Kabinete-buruak eta Omar Cortes Kolonbian FARCekin gauzatutako bake prozesuan parte hartu zuena izango dira hizlari.

18:15etik aurrera Jesus Florez teologoak, Justine Masika Kongoko ekintzaileak eta Kolonbia edota Filipinetako bake prozesuetan parte hartu duen Kristian Herbolzheimerrek "Bizitza zibilera bergizarteratzea: Zailtasunak eta Esperientziak" izango dute hizpide.

Amaitzeko, 20:15etatik aurrera, Veronique Dudouet Berlingo Berghof fundazioko programa zuzendariak jardunaldiko ondorioak aurkeztuko ditu.

Izena emateko inskripzioak.forosoziala@gmail.com helbidera idatzi behar da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostiako informazioa Presoak ETA Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Bakea eta adiskidetzea Euskadin