Politika -

Katalunia

Kataluniako 12 buruzagi epaituko ditu Auzitegi Gorenak

Bestalde, Kataluniako Auzitegi Nagusiak Parlamentaren Mahaiko bost kide ohi eta Mireia Boya CUPeko buruzagi ohia epaituko ditu.

Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE
Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE
Auzitegi Gorena. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Proces' izeneko auzia epaitzeko eskumena duela ebatzi du Auzitegi Gorenak, baina Kataluniako Parlamentuko Mahaiko bost kide ohiren eta Mireia Boya CUPeko buruzagi ohiaren aurkako auzia Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku uztea erabaki du. Desobedientzia bakarrik leporatzen diete.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, sei akusatuk epaiketaren atarikoan planteatutakoa onartu du aretoak. Horrela, Gorenak 12 buruzagi independentista soilik epaituko ditu, besteak beste, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohia.

Honela, Auzitegi Gorenak partzialki onartu ditu Oriol Junqueras presidenteorde ohiaren defentsak eta Pablo Llarena magistratuak auzipetutako gainerako 17 kideek aurkeztutako alegazioak. Izan ere, auzi osoa Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku uztea eskatzen zuten.

Auzitegi Gorenak hamabi buruzagi ohi epaituko ditu, matxinada, diru publikoa bidegabe erabiltzea edota desobedientzia leporatuta.

Aldeek ezin dute autoaren aurkako helegiterik aurkeztu. Halaber, defentsek hamar eguneko epea izango dute ostiraletik aurrera beren behin-behineko kalifikazioak aurkezteko.

Beraz, Auzitegi Gorenak bitan banatu du auzia eta hauek dira aurrerantzean Kataluniako Auzitegi Nagusiak epaituko dituen auzipetuak: Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide ohiak eta Mireia Boya CUPeko diputatu ohia.

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak isuna soilik ezartzea eskatzen zuen sei horientzat, parlamentari ziren heinean Konstituzioaren aurkako legeak bultzatu zituztelako. Hala ere, ez zuten uste egitasmo independentistaren nukleo gogorra osatzen zutenik.

Aitzitik, Auzitegi Gorenak bere gain hartu auzipetu nagusien aurkako auzia. Zehazki, delitu larrienak dituztenak epaituko ditu: Oriol Junqueras Generaliteko presidenteorde ohia, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia, Raül Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxell Borras, Carles Mundo eta Santiago Vila kontseilari ohiak. Azken hiru horiek aske daude, desobedientzia eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean