Politika -

Auzitegi Nazionala

10 urteko kartzela-zigorra Otegirentzat, ETAko kidea izatea leporatuta

Zigor berbera jaso du Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusi ohiak ere. Batasuna berregituratzen saiatzeagatik ETAko kideak direla ebatzi du Auzitegi Nazionalak.

Rafa Diez eta Arnaldo Otegi, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Rafa Diez eta Arnaldo Otegi, artxiboko irudian.
Bateragune auzia: 10 urteko kartzela-zigorra Otegirentzat

05:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 10 urteko kartzela-zigorra ezarri die Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiari eta Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusiari ETAko kide izatea leporatuta, Batasuna berregituratzen saiatu zirelako Bateraguneren bitartez. Era berean, Miren Zabaletak, Arkaitz Rodriguezek eta Sonia Jacintok zortzi urteko zigorra jaso dute.

Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra, berriz, absolbitu egin ditu, Fiskaltzak epaiketan haien kontrako akusazioa atzera bota ondoren.

Zigortutako bost lagunetatik lau kartzelan daude dagoeneko, Diez da kalean dagoen bakarra eta astelehenean emango zaio zigorraren jakinarazpen ofiziala eta egun hroretan bertan sartuko dute kartzelan.

Auzitegi Nazionalak frogatutzat jo du gaur emandako epaian auzipetuek ETAren aginduak jarraitu zituztela ezker abertzalea ETAren "beso politikoa" izateko, indar abertzaleen batasuna lortzeko estrategiaren baitan.

Otegiren eta Diezen kasuan, zigorra altuagoa da buruzagi izatea leporatzen dietelako, izan ere, "sustapena eta koordinazioa" haien gain omen zegoen eta beste hiru auzipetuengan eragiten zuten.

Epaileek diote ez dagoela nahikoa zantzurik Otegik zuzentzen zuen taldeak Bateragune izena zuela esateko. Hala ere, ETAren agindupean osatutako talde baten koordinazio eta zuzendaritza lana egiten omen zuen Otegik ETAk "zuzendutako" estrategiaren baitan.

Era berean, ebazpenean agertzen denez, ETAk 2007an gogoeta prozesu bat egin zuen ezker abertzalea nola erabili zehazteko eta ondorioetan "ETAk aginduak emateko nagusitasuna" duela ondorioztatu zuen.

Hori horrela, 2008ko abenduan, ETAk auzipetuei indar abertzaleen batasuna lortzeko estrategia zuzentzeko batzorde bat eratzea agindu omen zien. Beraz, Otegik eta bere kideek "ETAk emandako aginduak jaso zituzten zuzenean" eta ETAren "maila goreneko aginduak jarraituz eta babestuz" jokatu zuten.

Auzipetuek LABen egoitzan egin zituzten bilerak, ETAren inguruko pertsonekin hitz egiteko Frantziara egin zituzten bidaiak, ezker abertzaleari politika alorreko ekintzak egitea aginduz ETAri atzeman zizkioten paperak eta ezker abertzaleak aginduak bete zituela dioten paperak hartu ditu oinarri auzitegiak ebazpena emateko.

Epaitegiaren arabera, auzipetuek "gainditu egin dituzte adierazpen eta partehartze politikorako eskubideak eta horrekin, bere egiturako beste kide batzuek indarkeria eta borroka armatua erabiltzea ahalbidetu dute".

Epaiak 'frustrazioa' sortzea ulertzen duela esan du lehendakariak

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak "errespetatu" egiten duela Bateragune auziko epaia, baina ulertu egiten duela "hainbat sektoretan harridura eta frustrazioa" sor dezakeela.

Epaileek 10 urteko espetxe zigorra ezarri diete Arnaldo Otegi-ri eta Rafa Diezi, ETAk aginduta Batasuna berriz osatzea leporatuta.Mondragon Unibertsitatean ikasture berriari hasiera emateko ekitaldian parte hartu baino lehenago, Lopezek esan du bere Gobernuak ez duela baloratuko epaia, eta Zuzenbide Estatu batean "behartuta" daudenez, "errespetatu" egingo dutela.

Nolanahi ere, "ulertu egiten dut euskal gizartearen gehiengoak terrorismoaren eta indarkeriaren aroa bukatzen ari dela uste duen honetan, hainbat pertsonak ez ulertzea epaia".

Ezker abertzalea: 'Epaiak aldaketa galaraztea bilatzen du'

Ezker abertzalearentzat Bateragune auziaren epaia "onartezina, ulertezina eta neurriz gaineko da" eta "aldaketa estrategikoa eta debatea" galaraztea bilatzen du. Dena den "ez duela lortuko" adierazi du ezker abertzaleak.

Ezker abertzaleak prentsaurreko bat antolatu du Donostian eta, besteak beste, Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia y Niko Moreno Batasunako kide ohiak izan dira. Bertan, Miren Legorburu eta Txelui Moreno Batasunako bozeramaile ohiak gazteleraz eta euskaraz idatzitako adierazpen bat irakurri dute, "biolentzia erabiltzen duen bakarra Estatua" dela azpimarratu dute, epaiak "euskal gizartearen aurrean legitimaziorik gabe" geratu dela gaineratuz.

Bost buruzagi abertzale zigortzen dituen epaiak "Euskal Herrian frustazioa eragitea bilatzen du", adierazi dute Donostian egin den prentsaurrekoan. Auzitegi Nazionalaren epaia "sumindura eragiten du Euskal Herrian eta espainiar estatuarekiko distantzia handitu eta sakondu besterik ez du egiten". "Gaur zigortuak izan diren lagunen borondateak eta esfortzuak, baita independentziaren aldeko militantziaren ekarpenak ere, Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berria ahalbidetu dute. Eta epaia Madrilen erantzuna da egoera berri horren aurrean: errepresio gehiago", gaineratu du Morenok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea