Politika -

KATALUNIA

Puigdemont, JxCat berriko presidentea botoen % 99,3rekin

Jordi Sanchez JxCateko idazkari nagusia izango da, afiliatuen % 94,23ren babesarekin.

Carles Puigdemont. Irudia: EFE
Carles Puigdemont
Carles Puigdemont. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia JxCat berriko presidente izendatu dute, alderdiko afiliatuen botoen % 99,3rekin, beste hautagaitzarik ez zegoen hauteskunde telematiko batean.

Igande eguerdira arte, alderdiko 2.130 afiliatuk presidentetza, presidenteordetzak, idazkaritza nagusia eta alderdiko zuzendaritzako gainerako kideak aukeratu zituzten, JxCat berria sortzeko kongresuaren baitan, ohar baten arabera.

Botoen % 94,23rekin, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak hartuko du idazkaritza nagusia. Hark ere lehiakiderik gabe aurkeztu zuen bere hautagaitza, hautagaitza alternatibo batek uko egin ondoren.

Txio batean, Sanchezek eskerrak eman dizkie afiliatuei emandako babesagatik: "Gogor lan egingo dugu alderdia motor politikoa izan dadin independentzia irabazteko eta Katalunia ekonomikoki oparoa eta sozialki justua izan dadin".

Presidenteordeak

Elsa Artadi Bartzelonako JxCaten bozeramailea, Jordi Turull kontseilari ohia, Anna Erra Vic hiriko (Bartzelona) alkatea eta Josep Rius ere presidenteorde izendatu dituzte.

Turull izan da presidenteordetzarako hautagai bozkatuena (botoen % 93,47 lortu ditu), eta Artadi (% 88,12), Erra (% 79,15) eta Rius (% 73,66) geratu dira atzetik.

David Saldoni Generalitateko Garraio eta Mugikortasuneko zuzendari nagusia eta Sallenteko (Bartzelona) zinegotzia Antolakuntzako idazkaria izango da, eta Teresa Pallares, berriz, Kataluniako Parlamentuko diputatua eta Reuseko (Tarragona) Udaleko zinegotzia.

Exekutiba Nazionala

Bozketa horretan, JxCaten talde bultzatzaileak alderdiaren zuzendaritza nazionaleko gainerako kargudunentzat egindako proposamena ere babestu dute afiliatuek, eta hogei bat lagunek parte hartuko dute bertan.

Besteak beste, Albert Batet Kataluniako Parlamentuko JxCaten egungo bozeramailea, Laura Borras Kongresuko JxCaten bozeramailea, Damia Calvet Generalitateko Lurralde eta Iraunkortasun kontseilaria eta Marta Madrenas Gironako alkatea izango dira horietako batzuk.

Zuzendaritzako kide izango dira, halaber, JxCat alderdiko Gemma Geis, Toni Morral eta Aurora Madaula diputatuak, baita Miriam Nogueras Kongresuko JxCat alderdiko diputatua ere.

Borras izan da zuzendaritza taldean sartzeko boto gehien lortu dituen hautagaia (botoen % 92,82 jaso ditu), eta Miriam Nogueras (% 83,43) eta Madrenas eta Calvet geratu dira ondoren (botoen % 82,86 jaso dituzte).

Zuzendaritza berriari emandako "babesa" eskertu du

Puigdemontek eskertu egin du alderdiaren presidentetza, presidenteordetza, idazkaritza eta zuzendaritza taldeko kideak hautatzeko bozketetan alderdiaren "zuzendaritza osoari eman zaion babesa".

"Zorionak idazkari nagusi berriaren zuzendaritzapean, Jordi Sanchez lagunaren zuzendaritzapean, ibiltzen hasi den zuzendaritza taldeari", idatzi du txio batean, alderdiko presidente izendatu eta gero (botoen % 99,3 eskuratu ditu).

Jordi Turull kontseilari ohiak ere ontzat jo ditu emaitzak: "Katalanen eskubideak defendatzeko eta Kataluniaren askatasuna lortzeko ahalik eta tresnarik onena eraikitzeko ahaleginak batzen dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont JxCat azken ordua