Politika -

Katalunia

Gorenak Torra gaitasungabetu du, desobedientziagatik ezarritako zigorra berretsita

Quim Torrari urtebete eta erdiko inhabilitazioa ezarri diote, eta dagoeneko Generalitateko presidente kargua utzi behar izan du. Protesta jendetsuak egin dituzte Katalunian.

Quim Torra. Argazkia: EFE
Quim Torra.
Quim Torra urte eta erdirako kargugabetu du Auzitegi Gorenak

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Zigor arloko Salak Quim Torra Kataluniako presidentea gaitasungabetu du, Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik ezarritako urtebete eta erdiko kartzela zigorra berretsi baitu gaur jakinarazitako epai batean. Kataluniako auzitegiak 2019ko abenduan zigortu zuen Torra, hauteskunde garaian eraikin publikoetatik lazo horiak kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordeak emandako agindua ez betetzeagatik. Orain, Auzitegi Gorenak berretsi egin du zigor hori.

Torrak astelehen arratsaldean jaso du Auzitegi Gorenaren erabakiaren jakinarazpena, eta, beraz, dagoeneko utzi dio Kataluniako Gobernuko presidente izateari.

Kargugabetzea gauzatuta, legealdia aldez aurretik amaituko da Katalunian, eta Parlamentu eta presidente berria aukeratzeko prozedura abiaraziko dute. Litekeena da hauteskundeak otsailean deitzea.

Pere Aragones (ERC) presidenteordeak hartuko du behin-behinean Torraren lekua, baina eskumenak mugatuta izango ditu.  

Arratsaldean, Torrak agerraldia egin du Generalitatearen Jauregian, Gobernuko kontseilariak ondoan zituela, eta herritarrei aurrera jarraitzeko deia egin die.

Hauteskundeak independentzia prozesuaren "inflexio-puntu" bilakatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren emaitza berretsiko duen "plebiszitutzat" hartzeko eskatu die herritarrei.

"Gu ez gara hautetsontzien beldur; alderantziz, behar den guztietan joango gara bozkatzera. Independentzia nahi dugu. Autodeterminazio eskubidea gauzatu nahi dugu", azpimarratu du.

Horrez gain, bere kontrako ebazpena Estatuaren "mendekua" dela salatu, eta justizia egiteko Europara joko duela iragarri du.

"Estatuko aparatuek Generalitateko presidente bat gaitasungabetzen duten bitartean, ustelkeriaz akusatutako errege bati diktadura batean ezkutatzen laguntzen diote", salatu du.

Bestalde, ehunka manifestari bildu dira Bartzelonako Sant Jaume plazan, presidente kargugabetuari babesa emateko. Agerraldia amaituta, Torra 19:20 inguruan atera da Generalitateko Jauregitik.

Emazteak eta Gobernuko kontseilariek lagunduta, Torrak Kataluniako preso politikoen eta erbesteratuen askatasunaren aldeko pankarta hartu du eskuetan. Hain zuzen ere, lelo hori eta lazo horia zeraman pankarta Generalitateko balkoian jartzeagatik zigortu dute.  

Quim Torra

(Quim Torra eta haren emaztea, Generalitatearen Jauregitik atera berritan. Argazkia: EFE)

Gorenaren ebazpena

Torra gaitasungabetzeko erabakia aho batez hartu dute Goreneko epaileek. Horien ustez, Kataluniako presidenteak "modu egoskorrean" desobeditu zuen, eta baztertu dute Torraren adierazpen askatasuna ezbaian egon denik. "Presidenteak bere identitate politikoaren araberako adierazpen eta ekintzak egin ditzake, baina ezin du hauteskundeak garbi egiten direla egiaztatzen duen erakunde batek agindutakoaren kontra egin", argudiatu dute.

2019ko abenduaren 19an Kataluniako Auzitegi Nagusiak emandako epaia oso-osorik berretsi du Gorenak. Hala, hark ezarritako gaitasungabetze berezia berretsi dute epaileek: Torra ezingo da kargu publiko batean aritu, ez tokian tokiko erakundeetan, ez autonomikoetan, ez Estatu mailakoetan ezta Europakoetan ere. Horrez gain, orduan ezarritako 30.000 euroko isuna ere berretsi du Gorenak.

Gorenaren arabera, auziaren muinean egon dena "ez da izan aukera politiko jakin baten pankarta edo sinboloak erakustea, baizik eta horiek hauteskundeetan erabiltzea, Hauteskunde Batzorde Nagusiak erabakitakoaren kontra eginez. Batzorde horri dagokio hauteskundeen gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, eta hark debekatu zituen sinboloak, administrazioei dagokien neutraltasun printzipioa urratzen ari zela iritzita".

Irailaren 17an Auzitegi Gorenean egin zuten auzi saioan, Fiskaltzak Torra zigortzearen alde egin zuen; defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, Torrak egindakoa "ekintza politiko" bat izan zela argudiatuta.

Milaka lagun atera dira kalera Katalunian

ANC eta Omniun Cultural elkarteek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Kataluniako herri eta hirietako udaletxeen parean eta milaka lagun atera dira kalera Quim Torraren inhabilitazioa salatzeko.

Elisenda Paluzie ANCko presidenteak epaia ez betetzeko eskatu du, desobedientzia zibila eta instituzionala bateragarriak izan behar direla iritzita.

"Presidente gehiago gaitasungabetu ez ditzaten, presidente autonomikoak izateari utzi behar diogu", azpimarratu du Paluziek.

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen esanetan, "Kataluniako herritarren borondate demokratikoa berriro manipulatzeko aitzakia bat da epaia". Hala, egoerak eskatzen duen erantzuna emateko eskatu die erakundeei eta alderdi politikoei.

BIDEOA | Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko

Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko
Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko
Ehunka lagun izan dira Sant Jaume plazan Quim Torra babesteko

0:46

BIDEOA | Torra: "Aurrera egiteko, beharrezkoa da haustura demokratikoa"

Torra: 'Aurrera egiteko, beharrezkoa da haustura demokratikoa'
Torra: 'Aurrera egiteko, beharrezkoa da haustura demokratikoa'
Torra: 'Aurrera egiteko, beharrezkoa da haustura demokratikoa'

1:22

BIDEOA | Torraren lekua Pere Aragonès presidenteordeak hartuko du, baina funtzio mugatuekin

Torraren lekua Pere Aragonès presidenteordeak hartuko du, baina funtzio mugatuekin
Torraren lekua Pere Aragonès presidenteordeak hartuko du, baina funtzio mugatuekin
Torraren lekua Pere Aragonès presidenteordeak hartuko du, baina funtzio mugatuekin

1:12

BIDEOA | EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute eta elkartasuna helarazi diote Torrari

EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute eta elkartasuna helarazi diote Torrari
EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute eta elkartasuna helarazi diote Torrari
EAJk eta EH Bilduk erabakia gaitzetsi dute eta elkartasuna helarazi diote Torrari

1:8

BIDEOA | Espainiako Gobernuak hauteskundeak "lehenbailehen" eskatu ditu Katalunian

Espainiako Gobernuak hauteskundeak ''lehenbailehen'' eskatu ditu Katalunian
Espainiako Gobernuak hauteskundeak ''lehenbailehen'' eskatu ditu Katalunian
Espainiako Gobernuak hauteskundeak ''lehenbailehen'' eskatu ditu Katalunian

1:49
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Kataluniako Generalitatea