Politika -
Katalunia
Aragonesek Generalitateko presidente kargua hartu du
Presidente berriak esan du aro berri bati ekingo diola, Kataluniako errepublika sortzeko bidean amnistia eta autodeterminazioa lortzeko.
EITB MEDIA | agentziak
Pere Aragonesek Kataluniako Gobernuko presidente kargua hartu du arratsalde honetan Generalitatearen Jauregian egindako ekitaldian. Quim Torraren eskutik jaso du presidentearen domina. Gobernu berria zortzi emakumek eta sei gizonek osatuko dute. Bihar jakinaraziko dituzte izenak.
Ekitaldia aire librean egin dute, Generalitateko Jauregian, eta han izan dira, besteak beste, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart preso dauden buruzagi independentistak, espetxetik ateratzeko baimena lortu eta gero.
Halaber, JxCatetik Laura Borras, Albert Batet eta Elsa Artadi izan dira. Espainiako Gobernuaren izenean Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroa joan da. Salvador Illa PSCko buruzagia, Kataluniako Parlamentuko beste hainbat ordezkari eta Ada Colau Bartzelonako alkatea ere han izan dira.
Vox, Ciudadanos eta PPCko ordezkariek uko egin diote ekitaldian parte hartzeari.
Amnistia, autodeterminazioa eta errepublika
Presidente moduan egin duen lehen hitzaldian, Aragonesek esan du aro berri bat ireki nahi duela, Katalunian "eraldaketa soziala, berdea, feminista eta demokratikoa" gauzatzeko, amnistia eta autodeterminazioa lortzeko eta Errepublikaren bidean urratsak sendoak emateko.
Herritar guztien ongizatea bermatzea izango duela helburu eta bide horretan atzean inor utziko ez duela agindu du, Kataluniak maila guztietan "egoera zaila" bizi duela aitortuta.
Quim Torra presidente ohiari esker ona adierazi dio, "garai oso zailetan emandako denagatik", baina orain aro berri bat lehenbailehen abiatu beharra dagoela azpimarratu du.
"Minik hartzeko beldurrik gabe, lan egiteko unea da eta bidean topatuko ditugun oztopoak gainditzeko prest egon behar dugu", adierazi du Kataluniako Gobernuak krisi ekonomiko, sozial eta politiko bati aurre egin beharko diola gogoratuz. "Ongizate estatua indartzea da benetako iraultza", erantsi du.
Horrez gain, Kataluniaren askatasunaren eta justizia sozialaren alde lan egingo duela eta "herritarren zerbitzura" egongo dela agindu du.