Politika -
Auzitegi Gorena
Sardiniako Auzitegiari Puigdemont entregatzeko eskatu eta Estatuko Abokatutzaren aurka egin du Llarenak
Puigdemonti immunitatea kentzeko prozeduran, Estatuko Abokatutzak Europako Auzitegi Orokorrari president ohia atxilotzeko agindua bertan behera zegoela jakitera ematea aurpegiratu du magistratuak.
Agentziak | EiTB Media
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoko magistratuak idatzi bat igorri dio Sassariko (Italia) Apelazio Auzitegiari, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren aurkako euroagindua indarrean dagoela argi utzi nahian, bertan behera geratu denik gezurtatuz. Era berean, Puigdemont Espainiaratzeko eskatu du.
Zentzu horretan, Puigdemonti immunitatea kentzeko prozeduran, Estatuko Abokatutzak Europako Auzitegi Orokorrari president ohia atxilotzeko agindua bertan behera zegoela jakitera ematea aurpegiratu du magistratuak.
Jose de la Mata Espainiako ordezkariari bidali dio ñabardura, Eurojusten bidez Italiako auzitegiari jakinarazteko. President ohiaren behin-behineko espetxealdia erabaki zuen ebazpena igorri du magistratuak; izan ere, 2019ko urriaren 14an euroagindua horren gainean oinarritu zuen.
"Atxilotzeko agindua indarrean dagoela ukatzen" duten informazioen berri duela azaltzen du epaileak. Horregatik, "espetxeratzeko eta atxilotzeko agindua indarrean" dagoela berretsi du magistratuak.
Nahiz eta Europako Auzitegi Orokorraren gomendioek bertan behera geratu behar dela esan, "kautelazko neurriak bertan behera" geratzen ez direla defendatzen du magistratuak.
Gainera, Estatuko zerbitzu juridikoen aurka egin du Llarenak: "Estatuko Abokatutza bazekien, Espainian aurrera eramaten ari garen prozedura penalaren jakitun baitzen". "Estatuko Abokatutzari sekula ez zaio euroagindua bertan behera uzteko erabakirik igorri, ezta Estatuko Abokatutzak berak erabaki hori bultzatu ere", azpimarratu du Llarenak.
Auzia laburbildu ondoren, president ohia Espainiaratzea eskatu dio Llarenak Sassariko auzitegiari, "prozedurarekin hemen jarraitu ahal izateko".