Politika -

Hauteskundeak Frantzian

Macron eta Le Pen berdinduta lehenengo itzulian, hauteslekuetan egindako inkesta belgikar baten arabera

Aurreikuspenen arabera, botoen % 24 eskuratu dute, eta hirugarren izango litzateke Jean-Luc Melenchon ezkertiarra, botoen % 19 jasota.

Le Pen eta Macron. Argazkia: EiTB
Le Pen eta Macron. Argazkia: EiTB
Le Pen eta Macron. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Marien Le Pen eskuin muturreko hautagaia berdinduta geratu dira Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, biek ala biek botoen % 24 lortuta, La Libre Belgique egunkari belgikarrak hauteslekuetako inkestetan oinarrituta zabaldu duenez.

20:00etan hauteslekuak ixteko bi ordu eskas geratzen zirenean, inkestak iragarri du hirugarren postuan Jean-Luc Melenchon ezkertiarra geratu dela, botoen % 19 jasota.

Ondoren, Valerie Pecresse kontserbadorea eta Eric Zemmour eskuin muturreko hautagaia izango omen dira, botoen % 8 eskuratuta.

Lehenengo inkesta Belgikako egunkariak argitaratu du, 18:00etan, baina atariko inkestaren emaitza denez, tentuz hartzeko ohartarazi du, nabarmen alda daitekeelako.

Frantziako legediak debekatu egiten du 20:00etan hautesleku guztiak itxi baino lehen inkestarik argitaratzea, eta, hori dela eta, lehenengoak Belgikan argitaratu ohi dira, auzo herrialdean interes handiz jarraitzen baitituzte Frantziako bozak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Frantzia Zenbat hautagai aurkeztu dira? Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Hauteskundeak Frantziako Gobernua Ultraeskuina